Ekimena
Gipuzkoako Foru Aldundiak 8.854 kultura bonu jarriko ditu salgai
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Bonua 20 euroan erosi ahalko da, eta 12 euroko hobaria izango du euskarazko produktuak erosteko eta 8 eurokoa, berriz, beste hizkuntza bateko produktuak eskuratzeko.
Gipuzkoako Foru Aldundiak 8.854 kultura bonu jarriko ditu salgai asteazkenean, "askatasuna opari" lelopean. Bonuek liburuak, diskoak eta DVDak erosteko aukera emango dute. 8.854 bonuetatik 3.542 euskarazko produktuak erosteko erabili ahalko dira eta gainerako 5.312 bonuak beste hizkuntzetako produktuak eskuratzeko.
Aurten Pasaia gehitu zaie iazko herriei, eta 4 liburu-denda gehiagok salduko dituzte bonuak. Herri hauetan izango dira salgai: Andoain (1), Arrasate (1), Asteasu (1), Beasain (1), Bergara (1), Donostia (24), Eibar (2), Elgoibar (1), Errenteria (4), Hernani (2), Irun (4), Lazkao (1), Legazpi (1), Mendaro (1), Mutriku (2), Oiartzun (1), Ordizia (1), Orio (1), Oñati (4), Pasaia (1), Soraluze (2), Tolosa (2), Usurbil (1), Villabona (1), Zarautz (2) eta Zumarraga (2).
Programan parte hartuko duten saltokiak identifikatzeko, bereizgarri bat izango dute ikusgai. Bonua erosten den denda berean erabili beharko da, 2020ko urtarrilaren 15a baino lehen.
Bonuak 20 euroan erosi ahalko dira, eta 12 euroko hobaria izango dute euskarazko produktuak erosteko eta 8koa, beste hizkuntza batzuetako produktuetarako.
Kultura bonuarekin liburuak (eskola-liburuak eta liburu profesionalak izan ezik), musika (edozein euskarritan) eta DVDak erosteko aukera izango da. Bonuak programan parte hartzen duten eta liburuak, musika eta DVDak saltzen dituzten Gipuzkoako saltokietan erosi ahalko dira. Lurraldearen eta eskualdearen orekaren eta saltoki bakoitzaren pisuaren arabera banatuko dira bonuak dendetan.