Itxi

Kaleko artea

Etxegabeen drama agerian utzi du Banksyk bere azken horma-irudian

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Grafitigileak Gabonetan ere etxegabeek bizi duten egoera salatu du. Bi elur-orein margotu ditu Ryan izeneko gizon batek lo egiteko erabiltzen duen bankutik tiraka.

Bi elur-orein bankutik tiraka ari direla dirudi artelanean. Argakzia Banskyren bideotik hartuta.

Erresuma Batuan etxegabeek Gabonetan ere bizi duten egoera salatzeko mural bat egin du Banksy grafitigile britainiarrak Birminghamgo kaleetan.

Bitxigileen auzoko Vyse Street kalean agertu den artelanean, bi elur-orein ikus daitezke, lera bat dirudien banku batetik zerurantz tiraka.

Banksyk Instagramen duen kontuan zabaldu duen bideo batean, kalean bizi den Ryan izeneko etxegabe bat ikus daiteke, eta zerbait edan ondoren, muralera itsatsita dagoen bankuan etzaten da, bere gauza guztiak alboan dituela.

Bideoko planoa zabaltzen denean, bi elur-orein ikus daitezke, eta bankutik zerurantz tiraka ari direla dirudi.

Artistak honakoa idatzi du bideoaren alboan: "20 minutuz egon ginen Ryan grabatzen, eta denbora tarte horretan pasatu ziren pertsonek edari bero bat, txokolatezko bi barra eta pizgailu bat eman zizkioten, berak ezer eskatu gabe".

Murala Banksyk egin duela ziurtatu eta ordu gutxira, aurpegia estalita zuen pertsona batek elur-oreinen sudurrak gorriz margotu ditu. Mota horretako ekintzak saihesteko, segurtasuna jarri da artelanaren inguruan.

Notting Hillen artistak 2008an egindako beste lan bat aurkitu eta hilabete gutxira agertu da azken mural hau.