Europako Kultur Hiriburua
'Donostia 2016'ko taldeak proiektua defendatu du Madrilen
Erredakzioa
Burgosekin, Kordobarekin, Las Palmasekin, Segoviarekin eta Zaragozarekin lehian da Donostia. Aurkezpena ''bikain'' joan da, eta, bihar, 17:00etan, emango dute jakitera azken erabakia.
Your browser doesn’t support HTML5 video
''Donostia 2016'' hautagaitzaren ordezkari talde batek proiektuaren azken aurkezpena egin du astelehen honetan Madrilen, Jantzien Museoan. 2016an Europako Kultur Hiriburua izateko azken txanpa honetan ''''kultura elkarbizitza demokratikorako tresna gisa'''' aurkeztu dute.
Odon Elortza eta Juan Karlos Izagirre, lehengo eta egungo alkateek elkarrekin egin dute "Herritarrenenergia-olatuak. Elkarbizitzarako Kultura" proiektuaren aldeko defentsa. Izendatu berri duten alkateak esan duenez, epaimahaiak ordezkaritzako kideak zoriondu ditu, eta argi geratu zaie Donostiako Udaleko alderdi guztiek eta hiru erakundeek (Udala, Gipuzkoako Foru Aldundia eta Eusko Jaurlaritza) babesten duten proiektua dela hau. Odon Elorza Donostiako alkate ohiak ere hiru minutuko aurkezpena egin du, eta Gipuzkoako hiriburuko hautagaitzak ''''kultura elkarbizitzarako tresna gisa'''' planteatzen duela azaldu du. ''''Espiritu kritiko eta berritzailea oinarri hartuta, herritarrek errealitatea aldatzea ahalbidetzen du kulturak, eta horri buruz hitz egiten du proiektu honek'''', gaineratu du.
Aurkezpena ''''bikain'''' joan dela esan dute Elorzak eta Izagirrek; ''''Itxaropen handia dugu'''', esan du egungo alkateak. Elorza ere ''''zain'''' agertu da, eta lan talde guztiak ''''ilusio handia'''' duela gaineratu du.
Eva Salaberria ''2016 Bulegoa''ren zuzendariak, horren ordezkariek eta Santi Eraso Donostiako Kultura zuzendariak osatu dute taldea, proiektuari babesa eskaini dioten Donostiako Udaleko, Gipuzkoako Foru Aldundiko eta Eusko Jaurlaritzako ordezkariekin batera.
Donostiako taldearen defentsa 12:30ean izan da, Burgoseko eta Kordobako ordezkaritzen ondoren. Arratsaldez Las Palmasek egingo du aurkezpena, eta, asteartean, goizez, Segoviak eta Zaragozak itxiko dute defentsa-sorta.
Manfred Gaulhofer epaimahaiaren presidenteak, Angeles Gonzalez-Sinde Kultura ministroak eta An Branch Europako Batzordeko ordezkariak prentsaurreko bat eskainiko dute asteartean, 17:00etan. 2016an Europako Hiriburu Kulturala izango den hiriaren izena emango dute jakitera. Irabazleak Poloniako Wroclaw hiriarekin partekatuko du aipamena.