Auzitegi Nazionala
SGAEko bederatzi kide atxilotu ditu Guardia Zibilak
Erredakzioa
Gainera, zazpi miaketa egin dituzte. Besteak beste, Teddy Bautista SGAEren presidentea eta Ricardo Azcoaga zuzendari finantzarioa atxilotu dituzte.
Your browser doesn’t support HTML5 video
Guardia Zibilak bederatzi atxiloketa eta zazpi miaketa egin ditu SGAEren aurko operazio batean. Guardia Zibilak jakitera eman duenez, ustezko bidegabeko jabetze delitu bat ikertzen ari dira.
Besteak beste, Teddy Bautista SGAEren presidentea, Ricardo Azcoaga zuzendari finantzarioa eta Jose Neri sDae filial digitaleko zuzendari nagusia atxilotu dituzte, ikerketako iturrien arabera.
Atxilotuak deklaratzen ari dira edo datozen orduetan galdekatuko ditu Guardia Zibilak. Miaketetan eta galdeketetan lortutako informazioaren arabera, Pablo Ruz Auzitegi Nazionaleko epailearen aurrera eraman ala ez erabakiko dute. Izan ere, epaile horrek zuzendu du operazioa.
Guardia Zibila SGAEren egoitza miatzen ari da gaur, ostirala, goizean, Ustelkeriaren kontrako Fiskaltzak hala aginduta, Teddy Bautista elkartearen presidenteak bidegabeko jabetze delitu bat egin duelakoan. Epailearen esku jarriko dute presidentea, ikerketako iturriek zabaldu dutenez. Iturri horien arabera, bidegabeko jabetza delitua egotzita beste sozietate batek orain bi urte Ustelkeriaren aurkako Fiskaltzaren aurrean jarritako salaketa baten ondorioz ireki dute gaurko operazio hau.
Teddy Batista eta beste zortzi pertsona Auzitegi Nazionaleko 5. epaitegiko epailearen esku utziko dituzte, iturri horiek beraiek adierazi dutenez. Pablo Ruz epailea da epaitegi horren burua, eta SGAEren hainbat kontu blokeatzeko eta bahitzeko agindua ere eman du, iturri judizialek jakitera eman dutenez. Hau izan zen Guardia Zibilak atzo epaileari egin zion eskaeretako bat. Era berean, hainbat miaketa egiteko baimena ere eskatu zion, eta horren ildotik dator gaur egin duten operazioa.
Guardia Zibilaren hainbat auto 11:00ak aldera heldu dira Madrileko SGAEren egoitzara, Fernando VI kalera, eta heldu bezain laster bertan lanean zauden beharginei kalera irteteko esan diete. ''''Ez digute sartzen utzi. Ez dakigu ezer'''', esan du langileetako batek kalean.
SGAEren zuzendaritzakoak Longoria Jauregian, kudeaketa egiten duten egoitza, egon dira miaketak burutu bitartean.
Operazioa atzo, ostegunean, hauteskundeak izan ostean egin dute. Egile eta Musikagileen Hautagaitza Profesionalak (CPAC) batu zituen boz gehien.
Zuzendariak errugabeak direla uste du SGAEk, eta "ikerketen eta miaketen zentzua ezagutzea" espero du.
Bestalde, Guardia Zibila egiten ari den operazioa baloratzea saihestu du Alfredo Perez Rubalcaba presidenteordeak eta agenteek epailearen aginduak betetzen dituztela gogorarazi du.
Oihuak
Goizean zehar, hainbat pertsona bildu dira SGAEren egoitzaren inguruan bertako ordezkarien aurkako leloak oihukatuz.