Palmaresa
'Once Upon a Time in Hollywood' eta '1917' filmak gailendu dira Urrezko Globoetan
Agentziak | Erredakzioa
Joaquin Phoenixek irabazi du aktore dramatiko onenaren saria, 'Joker' filmean egindako lanagatik. Bestalde, San Mendesentzat izan da zuzendari onenaren Urrezko Globoa.
Your browser doesn’t support HTML5 video
Quentin Tarantino estatubatuar zinema zuzendari, aktore eta gidoigilearen Once Upon a Time in Hollywood film komikoa eta Sam Mendes zuzendariaren 1917 drama gailendu dira bart Los Angelesen (AEB) emandako 2020ko Urrezko Globoen 77. edizioan. Telebistari dagokionez, Fleabag (komedia), Succession (drama) eta Chernobyl (telefilma) izan dira nagusi.
Ricky Gervais komikoak bosgarren aldiz aurkeztutako gala horretan, Lehen Mundu Gerran girotutako 1917 gerra-dramak irabazi du film dramatiko onenaren saria, ondorengo lanei gailenduz: The Irishman, Joker, Marriage Story eta The Two Popes.
Testuinguru horrean, Once Upon a Time in Hollywood filma film komiko eta musikalik onenaren kategorian nagusitu da. Halaber, Quentin Tarantinok, gidoi onenaren Urrezko Globoa eskuratu du. Saria jasotzean eman duen hitzaldian nabarmendu duenez, lan horretan parte hartu duten protagonisten (Leonardo DiCaprio, Brad Pitt eta Margot Robbie) ekarpenek filma aberastu dute, eta hasieran idatzitako gidoiari haien ekarpenak gehitu dizkiote.
Bestalde, zuzendari onenaren Urrezko Globoa San Mendesentzat izan da, Quentin Tarantinorekin (Once Upon a Time in Hollywood), Todd Phillipsekin (Joker), Bong Joon Horekin (Parasite) eta Martin Scorsesekin (The Irishman) sarirako lehian zegoena. "Ez dago zuzendaririk areto honetan, ezta mundu osoan ere, Martin Scorseseren itzalean ez dagoenik", esan du zinemagile britainiarrak saria eskertzeko eman duen hitzaldian.
Bestalde, ingelesezkoa ez den film onenaren saria Bong Joon Horen Parasitoek lana jaso du. "Behin azpidatziak diren hesi hori gaindituta, nazioarteko film on askorekin gozatu ahal izango dute. Zinema nazioarteko hizkuntza handia da", nabarmendu du zinemagile hegokorearrak.
Interpretazioaren atalean, Joaquin Phoenixek irabazi du aktore dramatiko onenaren saria, Joker filmean egindako lanagatik. "Herritar guztiak batu eta gauza batzuk aldatu ahal izatea espero dut. Bozkatzea oso ondo dago, baina batzuetan gure aukera aprobetxatu behar dugu", esan du Phoenixek, larrialdi klimatikoaren inguruan egindako hitzaldian.