Arkeologia
Iruña-Veleia Argituk grafitoak egiazkoak direla mantendu du
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Iruña-Veleiako grafitoei buruzko epaiketa otsailaren 3an hasiko da.
Your browser doesn’t support HTML5 video
Iruña-Veleiako grafitoen auzia dela eta, hiru lagun epaituko dituzte otsailaren 3tik aurrera, ondarearen arkako kalteak eta iruzur delituak egotzita. Nolanahi ere, Iruña-Veleia Argitu plataformak defendatu egin du akusatuak errugabeak direla eta grafitoak "benetakoak" direla.
Grafitoen ustezko faltsutzearen aurkako epaiketa hurrengo astelehenean (otsailak 3) hasiko da Gasteizko Zigor Arloko 1. Epaitegian. Bere garaian, Iruña-Veleiako aztarnategian aurkitutako grafitoak historikotzat jo zituzten, euskararen jaiotza hainbat mende aurreratzen zuelako.
Hain zuzen ere, langile bat, kolaboratzaile bat eta aztarnategiko zuzendari ohia, Eliseo Gil, epaituko dituzte. Fiskaltzak bost urte eta erdi eta bi urte eta erdi arteko kartzela zigorrak eskatu ditu.
Ohar batean, plataformak argi utzi du epaiketa ez zela "sekula egin behar". Izan ere, horren ustez, "zigor auzitegia ez da eztabaida zientifiko bat erabakitzeko lekurik onena".
Gainera, Arabako Aldundiak (aztarnategiaren jabegoa du) 2009an kereila jarri izana "negargarria" dela ere salatu dute plataformatik. Erabakia grafitoak faltsuak edo egiazkoak ziren argi uzten ez zuen txosten batean oinarritu zela azaldu dute.
"Gaur gaurkoz, ez da zientifikoki frogatu grafitoak faltsuak direnik, eta are gutxiago akusatuak horien egileak direnik", adierazi du plataformak. Gainera, auziaren ikerketa luzearen ondorioz, akusatuek dagoeneko "11 urteko zigorra" izan dutela kritikatu du.
Era berean, Iruña-Velaia Argitu plataformak arrarotzat jo du epaileak hainbat testigantza errefusatu izana, hala nola Lorena Lopez de Lacalle Kultura diputatu ohiarena (berak harri zuen kereila) eta grafitoak faltsuak direla ziurtatu zuten unibertsitate irakasleak.
"Ezin dugu ulertu zergatik ez dituzten deitu egoera honen sortzaile eta erantzule nagusiak", esan du plataformak, eta deitoratu du grafitoak egiazkotzat jo zituzten nazioarteko adituak ere deklaratzera deitu ez izana.
Plataformak Arabako Foru Aldundiari eskatu dio karguak baztertu eta ikerketa arkeometrikoak eta indusketa kontrolatuak kudeatzeko, izan ere, Iruña-Veleia Argituren ustez, "hauexek dira auzia betiko erabaki dezaketenak".
Taldea instituzioei zuzendu zaie, auzia argitzeko "arazoari arduraz hel diezaiotela eta ahaleginak eta bi egin ditzatela" eskatuta.
"Eginahalak egin behar ditugu auziak amaiera ustela izan ez dezan, hurrengo belaunaldiei pasatuko genieke-eta eztabaida. Egia jakin nahi dugu, edozein delarik ere. Egia jakitea exijitzen dugu", bukatu dute.