Itxi

Martxoak 10-29

Loraldia sormen festibalaren seigarren edizioa Bilboko 15 gunetara iritsiko da

eitb.eus

Leer en Castellano

“Hamaika desira!” izango da Loraldia festibalaren aurtengo edizioaren leloa, eta gogora ekarriko ditu, besteak beste, Iparragirre, Sarrionandia, Agustin Xaho eta Fermin Muguruza.

Erakundeen ordezkariak eta jaialdiaren antolatzaileak, aurkezpen ekitaldian

Loraldia jaialdiaren seigarren edizioa aurkeztu dute gaur, Bilbon. Imanol Agirre Loraldia festibalaren zuzendari artistikoak ekitaldi horretan azaldu duenez, Loraldia Festibalak euskal kulturako zenbait erreferente izango ditu gogoan, hala nola Iparragirre, 200 urte beteko baitira aurten Urretxuko bardoa jaio zenetik; Joseba Sarrionandia; Agustin Xaho; eta Fermin Muguruza.

Baina nazioarteko hainbat pertsona ere ekarri eta beste begirada batez berrinterpretatuko ditu jaialdiak; izan ere, Bob Dylan euskal unibertsora eramango dute eta Lisboako fadoak ere plaza izango du Fernando Pessoa omentzeko.

Aurtengo edizioan, antzerkia, dantza, musika, literatura, zinema, gastronomia eta bertsolaritza izango dira 20 egunez.

Musikari dagokionez, Joseba Martin kazetariak euskal musikaren historia bat aurkeztuko du;  Mikel Urdangarin¿ek kontzertua eskainiko du martxoaren 12an Arriaga antzokian, pianoa ere joz;  martxoaren 16an, ¿Bob Dylanen zenbait hitz euskarara ekarriko dituzte ikuskizun batean; martxoaren 20an Thierry Biscaryk “Muda” proposamen artistikoa aurkeztuko du; eta martxoaren 28an Fermin Muguruza omenduko dute, besteak beste, Mad Muaselek, Juantxo Arakamak (Glaukoma) eta Nerea Erbitik.

Antzerkiaren esparruan, martxoaren 11n “Iparragirre. Bihotzeko Joxe Mari” Tanttakaren, Demode Quarteten eta Loradiaren arteko koprodukzioa aurkeztuko dute, Arriaga antzokian, eta martxoaren 27an “Lurrun minez” Galder Perezek idatzitako lana estreinatuko dute.

Literaturaren barruan, hauek dira jaialdiko hitzorduetako batzuk: martxoaren 14an “Hariak” memoria eta isiltasuna ardatz duen ikuskizuna plazaratuko dute Yoseba Peñak, Rafa Ruedak; Iraia Eliasek eta Nahikari Gabilondok; biharamunean, “Manipulazio estrategiak” Chomskyren lanean oinarritutako lana erakutsiko dute Pettik eta Harkaitz Canok; martxoaren 17an Miren Agur Meabek “Nola gorde errautsa kolkoan eztulik egin gabe” ikuskizuna eramango du Bidebarrieta Liburutegira; martxoaren 18an Fernando PEssoaren eta Joseba Sarrionandiaren arteko alegiazko topaketa bati hitzak jarriko dizkio Mikel Antzak; eta martxoaren 25ean Karmele Jaiok “Aitaren etxea” hartuko du hizpide.

Dantzari dagokionez, martxoaren 13an klakea, txalaparta eta pianoa uztartuko dituzte, BBK Aretoan,  Rafa Eizagirrek, Iñaki Marurik, Bitxor Pastorrek eta Ander Sanchezek; martxoaren 15ean, “Diagonalean zehar” koreografia plazaratuko du Mizel Theret dantza-sortzaile garaikideak; martxoaren 19an Haatik Dantza Konpainiak “Errimak bi oinetan” Sustrai Colina, Xalbador, Aitor Mendiluze, Lazkao Txiki, Uxue Alberdi, Odei Barroso eta bertsolari gehiagoren errimekin egindako ikuskizuna egingo dute.

Azkenik, martxoaren 24an “Muga deitzen da pausoa” film luzea (Maider Oleaga) eta “Anti” film laburra (Josu Martinez) proiektatuko dituzte Arte Ederren Museoan, eta martxoaren 29an Alaia Martin eta Onintza Enbeita bertsolariek inprobisatuko dute Garbiñe Ubedak etorkizunari buruz idatzitako testuaren gainean.