Itxi

Ustezko faltsutzea

Iruña-Veleia auziaren epaiketa, epaiaren zain

Agentziak | Erredakzioa

Leer en Castellano

Akusazioek uste dute frogatuta geratu dela grafitoak faltsutu zituztela. Defentsak, ordea, "ipuintzat" jo ditu akusazioak eta Gil eta Cerdan absolbitzea eskatu du.

Your browser doesn’t support HTML5 video

Epaiaren zain geratu da Iruña-Veleia auziko epaiketa. Akusazioek, Fiskaltzak eta Arabako Foru Aldundiko abokatuak, epaiketaren hasieran Eliseo Gil aztarnategiko zuzendari ohiarentzat zein Ruben Cerdan fisikoarentzat eskatutako zigorrei eutsi diete. Izan ere, euren ustez, grafitoak faltsutzea "aldez aurretik pentsatutako" ekintza "kriminal" bat izan zen, "astakeria eta aberrazio" bat. "Arabak konponezina den kaltea izan du bere ondasunean", laburbildu du Aldundiko abokatuak bere txostena aurkeztean.

Kontrara, Gilen defentsak absoluzioa eskatu du, epaiketan zehar aurkeztutako probak eta entzundako lekukotzak "ahulak" eta "asmo txarrekoak" izan direla argudiatuta.

Fiskaltzak 5 urte eta erdiko kartzela-zigor eskaera berretsi du Gilentzat, ondare historikoaren gaineko delitu jarraitua, iruzur delitua eta omisio delitua egotzita. Foru Aldundiak bat egin du omisio delituaren eskaerarekin, baina hasieran egindako zigor eskaerari eutsi dio: 7 urte eta erdi.

Fiscalía: "Gilek piezak kontrolatzen zituen"

Akusazio idatzia argudiatzeko tartean, Fiskaltzak esan du frogatuta geratu dela grafitoak faltsutu zituztela, eta Espainiako Kultura Ondarearen Institutuko geologoak egindako txosten "erabatekoa" aipatu du ("faltsifikazio" batzuk "guztiz baldarrak" zirela ondorioztatu zuen), baita Gilen agindupean lan egin zuten arkeologoen testigantzak ere.

Fiskaltzak uste du Gilek berak egin zituela faltsutzeak, baina azpimarratu du hori horrela zan zela frogatzerik ez badago, piezak faltsuak zirela jakin eta hori saihesteko ezer ez egiteagatik ere errudun jo dezaketela.

Fiskalak gogorarazi duenez, Gilek "piezen kontrola zuen" aztarnategiaren arduradun nagusia zen aldetik. "Langileetako batzuk aurkikuntzen inguruan ohartarazi bazioten ere, Gilek ezertxo ere egin, eta historikotzat jo eta horrela aurkeztu zituen jendaurrean".

Bi akusatuak, gaurko saioan. Argazkia: EFE

Arabako Aldundia: "Inork ez zuen espero halako astakeriarik egingo zuenik"

Ildo beretik mintzatu da Foru Aldundiko abokatua ere. Horren ustez, Gilen egiletza "argi dago, oso argi" dago. "Aldez aurretik pentsatu zuen, ekintzekin zein omisioekin", salatu du.

Berarekin lan egin zuten arkeologoak epaian azpimarratu dute “behin eta berriro ohartarazi” ziotela lan egiteko modua “desegokia” zela, eta Gilek ez zuela ezer egin nabarmendu du.

“Inork ez zuen espero holako astakeriarik egingo zenik”, aztarnategiaren jabearen partetik ez behintzat, akusazio partikularraren abokatuak gaineratu du.

“Ez dago zalantzarik grafitoen faltsutasunean”, azaldu du abokatuak, eta  "hainbeste diru faltsutu zen eta azkar egiteko nahia zegoen", non "akatsak konpondu egin ziren" adierazi du  grafitoek alfabeto erromatar arkaikoan ez zeuden letrak zituztela gogoratzean, adibidez, “Y”a “X”an bihurtu zuten, IPCEko geologoak azaldu dutenez.

Akusazio partikularrak ziurtatu du, gainera, "ezin erantzunezkoak" diren "froga eta zantzu ugari" daudela, Gil grafito faltsu horien egilea dela esateko.

Bi akusazioek atzera bota dute Ruben Cerdanen beste auzipetuaren trebakuntza eta egindako txostenak, grafitoen benetakotasuna egiaztatzeko, eta "literatura hutsa" dela esan dute. Ministerio Publikoak bi urte eta erdiko kartzela zigorra eskatu du iruzurra egotzita, eta Aldundiak hiru urte eta bederatzi hilabetekoa.

"Biek batera ondareari kalte egin diote, egitez edo ez esatez", nabarmendu du akusazio partikularrak.

Defentsa: "Akusazioak haurrentzako ipuin bat dira"

Defentsak adierazi duenez, akusazioak "haurrentzako ipuin bat dira". Horren esanetan, aztarnategiaren helburua ez zen grafitoak topatzea eta EuskoTren proiektuaren babesleak ez zuen Gil horretarako presionatu, hori horrela, aztarnategiko zuzendariak ez zeukan grafitoak egiteko arrazoirik.

Abokatuak argudiatu duenez, akusazioak aurkeztutako kaligrafoek ezin izan zuten ebatzi grafitoak Gilek egindakoak zirela, antzekotasun "handiak" topatu bazituzten ere.

Grafitoak egiazkotasunari buruzko eztabaida zientifikoa dagoela ere erantsi zuen.

Eliseo Gilek berak hitza hartzeko eskubidea baliatu zuen epaiketaren azken minutuetan. Deitoratu duenez, bere bizitza pertsonalaren eta profesionalaren "karikatura baldarra" egin dute epaiketan zehar, eta "asko sufritu" du. Dena dela, errugabea dela eta Justizian konfiantza duela nabarmendu du.

 

Albisteak (3)

Bideoak (1)