Itxi

Euskadin

Gastu publikoa kulturan: hiru eurotatik bat, musikan eta museoetan

Erredakzioa

Biztanle bakoitzeko 44 euro gastatu zituzten erakundeek musikan, eta 42 euro museoetan. 2008ko datuak dira, Kulturaren Euskal Behatokiak bildutakoak.

Musika eta museoak dira nagusi erakundeek kultura esparruan egiten duten gastu publikoan. Izan ere, 2008an gastatu ziren hiru eurotatik bat bi jarduera horietan gastatu zen. Kulturaren Euskal Behatokiak bildutako datuak dira.

Ikerketa horren arabera, guztira 95,8 milioi euro bideratu ziren 2008an musika esparrura (kultura mailan egindako gastu publikoaren % 18,8). Beraz, 44 euro gastatu zituzten musikan, biztanle bakoitzeko.

Museoetan egindako gastua, aldiz, 91,4 milioi eurokoa izan zen (gastu osoaren % 17,9). Kasu honetan, 42 eurokoa izan zen biztanle bakoitzeko gastua.

Antonio Rivera Eusko Jaurlaritzako Kultura sailburuordeak azaldu duenez, guztira, 510,1 milioi euro gastatu zituzten euskal erakundeek kulturan, 2008an (biztanle bakoitzeko 234,8 euro). Riveraren hitzetan, datu horien aurrean, Euskadi Suedia (236 euro biztanleko) eta Austria (274 euro biztanleko) herrialdeetako datuen parean kokatzen da.

Ikerketaren arabera, udalek 300 milioi euro bideratu zituzten kulturara (aurrekontuen % 9,3, batez beste), Eusko Jaurlaritzak 57,4 milioi (aurrekontuaren % 0,6) eta aldundiek 104,6 milioi (aurrekontuen % 3,6).

Bideoak (1)