Itxi

EiTBko ekimena

Kultura Gara ekimena jarri dute abian EiTBko albistegiek

EiTB

Leer en Castellano

Nahi duen sortzaile orok nahi duen kanta, obra zatia, sormen-mezu... bideo batean grabatu eta kulturagara@eitb.eus helbidera bidaltzea proposatu nahi dugu.

Josu Bergara, Kultura Gara ekimenean parte hartu duen musikaria

EiTBko albistegietako kultura arlotik Kultura Gara ekimena jarri da martxan, sortzaileei zuzenduta. Nahi duen sortzaile orok, bere itxieratik, gizartearekin konpartitu nahi duen kanta, obra zatia, sormen-mezu... bideo batean grabatu eta sortu dugun kulturagara@eitb.eus helbidera bidaltzea da jardueraren proposamena.

Hartara, Kultura Gara ekimenean parte hartzeko, sortzaileak egiten ari den proiektua azaldu dezake, eta zergatik konpartitu nahi duen. Horren ostean marrazki, bakarrizketa, kanta, olerki... horren lagin bat grabatu. Audioak berezko balioa duen bideoetan irratietan eskaintzeko helburua dugu, eta albistegietan ematen diren bideoak eitb.eus-en argitaratuko dituzte.

Kontzerturik, antzezlanik, emanaldirik... ez dagoen une honetan, sortzaileen eta herritarren arteko haria eten dela iritzita, kulturari eskainitako eremu informatiboetan euskal kultura eta sormena ezagutzera ematen jarraitzea da asmoa.

Halaber, kultura informazioari eskainitako leihoak zabaltzea da jarduera honen helburua, ez entretenimenduzko saio bat sortzea. "Egungo egoera kritiko honetan sortzaileen balioa mahai gainean jarri nahi dugu, eta horretarako gure albistegietan eta kultura informazio tarteetan espazio hori ireki nahi dugu. Krisi honen ondorioz kultura sektoreak jasoko duen kolpe gogorraz kontziente gara, eta horren berri ere gure informazio zerbitzuetan eman nahi dugu, noski", adierazi du Inguma Martinez ekimenaren sustatzaile eta ETBko albistegietako Kultura arloburuak. "Batak ez du bestea kentzen. Ez dugu sortzaileen doako lana eskatzen. Itxiera egoera honetan gizartearekin konpartitu nahi dezaketenari lekua ireki nahi diogu", erantsi du.

Bideoa: Mikel Urmenetak bat egin du Kultura Gara ekimenarekin