Koronabirusa
Liburuaren Nazioarteko Egunaren ospakizuna uztailaren 23ra atzeratu dute
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Liburuaren Eguna ostegun honetan ospatu behar zen kaleetan liburu-azokak jarrita, baina ezinezkoa izango da alarma egoera dela eta.
Koronabirusaren pandemia dela eta, Liburuaren Nazioarteko Egunaren ospakizuna uztailaren 23ra atzeratzea erabaki du Euskal Autonomia Erkidegoko Liburuaren Ganberak.
Liburuaren Eguna apirilaren 23an ospatzen da munduan. Egun horretan, Euskal Herriko hiri eta herri askotan liburu-saltzaileek azokak antolatzen dituzte eta idazleak beren liburuak sinatzera bertaratzen dira.
Jakin badakite, ordurako alarma egoera amaituta egon dela ez dagoela ziurtatuta eta, ondorioz, erakunde publikoekin eta osasun agintariekin elkarlanean aritzeko prest agertu dira, "aukera ezberdinak aztertu eta ospakizuna berme guztiekin egin ahal izateko".
Edonola ere, apirilaren 23an Liburuaren Eguna ospatzeko deia luzatu diete herritarrei, "etxetik eta Interneten jarriko diren ekimen ezberdinetan parte hartuz".
Zilarrezko Euskadi Sariak, udazkenean
Gipuzkoako liburu-saltzaileen elkarteak Liburuaren Nazioarteko Egunaren harira ematen dituen Zilarrezko Euskadi Sariak udazkenera arte atzeratu dira, koronabirusa dela eta.
Aurreko urteetan, irabazleen izenak iragarrita zeuden jada -euskarazko lan bati eta gaztelaniazko beste bati edo hizkuntza honetara itzulitakoa-, baina aurten, nahiz eta liburu-saltzaileek epaia eman, ez dute oraindik ezagutzera emango.
"Data baten bila ari gara. Uda ostean dena pilatuko da, baina asmoa urria inguruan egitea da, ahal bada behintzat ", azaldu du Adolfo Lopez Chocarrok, Gipuzkoako liburu-saltzaileen elkarteko presidenteak.