Biografia
Zumeta, azken hamarkadetako euskal artistarik garrantzitsuenetakoa
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Margolari usurbildarra ostegun honetan hil da 81 urterekin. Abstrakzioaren eta figurazioaren mugan aritzen zen eta kolore biziak erabiltzen zituen.
Jose Luis Zumeta pintorearen (Usurbil, 1939) obrak Euskal Herriko nahiz atzerriko museo garrantzitsu askotan daude erakusgai, baita erakunde publiko eta pribatuen egoitzetan ere.
Gerra osteko euskal artistarik garrantzitsuenetako bat da. 1965ean Gaur taldea sortu zuen, Jorge Oteiza, Eduardo Chillida, Remigio Mendiburu, Nestor Basterretxea, Jose Antonio Sistiaga, Amable Arias eta Rafael Ruiz Balerdi eskultore eta pintoreekin batera.
1967an, Euskal Pintura Saria irabazi zuen, Picassoren Gernikari egin zion omenaldiagatik, eta hortik aurrera arrakasta handia izan zuen.
1989an, erakusketa antologiko bat eskaini zioten Bilboko Arte Ederren museoan, eta frankismoaren biktimen omenezko erakusketa ibiltari batean ere parte hartu zuen. Madrilera, Sevillara eta Valentziara iritsi dira bere margolanak.
1990an, Zumetari buruzko beste bi atzerabegirako antolatu zituzten Donostiako San Telmo museoan eta Arabako Arte Modernoaren museoan.
Arte figuratiboa, abstraktua eta espresionista erabili zituen bere lanetan. Horma-irudietara eta tamaina handiko mihiseetara ezin hobeto egokitzen zen Zumetaren estilo berezia.