Jose Luis Zumeta hil da
Kulturgintzak eta buruzagi politikoek atsekabea adierazi dute Zumetaren heriotzagatik
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Gipuzkoako Foru Aldundiak, Usurbilgo Udalak, Chillida Lekuk eta San Telmo museoak argitaratu dituzte, besteak beste, margolari handiaren aldeko mezuak.
Erakundeek, agintari politikoek, pertsona ezagunek eta kulturgintzako organismoen mezu ugari zabaldu dituzten sare sozialen bidez Jose Luis Zumeta margolari usurbildarraren heriotza deitoratuz eta haren ibilbide profesionala goraipatuz.
Markel Olano Gipuzkako ahaldun nagusiak esan du “euskal arimari forma eta irudia” eman zion belaunaldi baten parte izan zela Zumeta, eta “kolore eta bizitasun handiko” arrastoa utziko duela gizartean.
Denis Itxaso Espainiako Gobernuaren ordezkari eta Kulturako diputatu ohiak bere babesa eskaini die margolariaren senide eta lagunei eta, oro har, artelanak maite dituzten pertsona guztiei.
“Arte abstraktuaren maisu izan zen. Liburu eta disko ilustratu zituen. Goian bego”, idatzi du.
Harkaitz Millan egungo Kultura diputatuaren iritzian, “Zumeta erreferente bat izan zen margogintzan, baina baita euskal kulturan ere; arte garaikidea gizarteratzen lagundu zuen”.
Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzak Kultura sailburuak doluminak eman dizkio familiari eta Zumetak euskal kultura eta artea eraberritzeko ekarpena egin zuela azpimarratu du.
Arnaldo Otegi EH Bilduko buruzagia atsekabetuta agertu da Zumeta “handiaren” heriotzagatik. Duela ez asko margolariaren estudioan izan zela iragarri du eta haren senide eta lagunei bere elkartasuna adierazi die.
“Gaur Jose Luis Zumeta joan zaigu, euskal artearen eraberritzaile handietako bat, Gaur taldearen sortzaileetako bat, artista polifazetikoa eta oparoa. Gure imajinario kolektiboan betirako arrastoa utzi du”, nabarmendu du Etxepare Institutuak.
Chillida Leku museoak gogora ekarri du Eduardo Chillida eskultoreak begirune handia ziola Zumetari. “Elkarrekin eta beste lagun batzuekin batera, Gaur taldea sortu zuten Donostiako Barandiaran Galerian”, erantsi du.
“Chillida Lekun pena handiz hartu dugu haren heriotzaren berria, eta gure babesa agertu nahi diogu Zumetaren familiari”, adierazi dute mezuan.
Beste erakunde eta pertsona ezagun askok ere adierazi dute beren atsekabea Zumetaren heriotzagatik, hala nola, Usurbilgo Udalak, Donostiako San Telmo museoak, Berri Txarrak taldeak, Fermin Muguruza musikariak eta hainbat arte galeriak.