Koronabirusa
Getxok uztaileko jazzaldia eta iraileko folk-jaialdia bertan behera utzi ditu
Agentziak | Erredakzioa
Halaber, urrian egitekoa zen Komiki Azoka, Nazioarteko Folklore Jaialdia, Habanera Jaialdia, Getxo Magik magia-jaialdia eta udako liburutegiak ere bertan behera utzi dituzte.
Getxoko Kultur Etxeak jakinarazi duenez, uztailaren 1etik 5era egitekoa zen Getxoko Nazioarteko Jazzaldia eta irailaren 25etik 27ra egitekoa zen Nazioarteko Folk Jaialdia bertan behera utzi dituzte.
Ohar batean, Getxoko Kultur Etxeak adierazi du udako ohiko programazioa bertan behera uztea erabaki duela, COVID-19ak Euskadin sortutako egoera aztertuta; beraz, horrek eragina du irailaren 15era arte aurreikusita zeuden ekitaldi eta jarduera guztietan.
Besteak beste, uztailaren 1etik 5era bitartean egitekoa zen 44 Nazioarteko Jazzaldia utzi dute bertan behera (Euskadiko jazzaldi-denboraldiari hasiera ematen dio Getxokoak), bai eta San Lorentzoko merkatua ere.
Halaber, haien garrantziagatik, 36 Nazioarteko Folk Jaialdia eta hemeretzigarren Komiki Azoka ere bertan behera geratu dira, nahiz eta irailaren 15etik aurrera egitekoak ziren; hain zuzen ere, irailaren 25etik 27ra eta urriaren 2tik 4ra egin behar zituzten, hurrenez hurren.
Horrez gain, udaran ohikoak izaten diren beste hainbat ekitaldi eta jarduera utzi dituzte bertan behera: Nazioarteko Folklore Jaialdia, Habanera Jaialdia, Getxo Magik magia-jaialdia, udako liburutegiak, eta Muxikebarri zentrorako aurreikusita zegoen programazioa.