Deseskalatzea
Euskal Museoa eta Bilboko Berreginen Museoa ekainaren 3an zabalduko dituzte
Agentziak | Erredakzioa
Gehienez % 50eko edukiera bete ahalko dute, sarreran bisitariei tenperatura hartuko diete eta nahitaez eraman beharko da maskara.
Euskal Museoak eta Bilboko Berreginen Museoak ekainaren 3tik aurrera zabalduko dizkiete berriro ateak bisitariei, eta ostegunetan sarrerak doakoa izaten jarraituko du, Bilbao Bizkaia Museoak aditzera emandakoaren arabera.
Gehienezko edukiera % 50ekoa izango da, bisitariei tenperatura hartuko zaie eta bakoitzak bere maskara eraman beharko du, barruan derrigorrezkoa delako jantzita izatea.
Neurri horiekin batera, bi metroko segurtasuneko distantzia gorde beharko da, eta markatutako ibilbideei jarraitu, bisitarien zirkulazioa arrisku barik egin ahal izateko. Hasiera batean, bisita libreak eta gidatuak izango dira egingo diren jarduera bakarrak. Bisitak banakakoak edo taldekakoak izan ahal dira. Taldeka direnean, elkarrekin bizi diren pertsonekin egingo dira, eta, gehienez ere, 10 pertsonako taldeak onartuko dira.
Erakusketak
Euskal Museoak, erakusketa iraunkorrekin batera, konfinamenduaren aurretik zituen aldi baterako bi erakusketekin jarraituko du: “Anthology”, Manuel de Gotorrek 30 urtean gizonezkoen modan egindako ibilbidea, eta “Gorreri Bisuala”, arte garaikidea eta euskaraz uztartzen dituen erakusketa.
Berreginen Museoak, berriz, “Altxor elektrikoak” aldi baterako erakusketarekin jarraituko du. Erromako Goi Inperioaren garaiko piezak ikus daitezke bertan, “xehetasun ugariz beteak eta irudimen handikoak apainketaren aldetik”.