KORONABIRUSA
Gazteizko Jazzaldiaren 44. edizioa, atzeratuta
EITB.EUS
"Azkeneraino saiatu" direla esan dute antolatzaileek, eta "epeak ahalik eta gehien estutu" arren, aurtengo jaialdia atzeratzea beste aukerarik ez dutela izan esan dute.
Gasteizko Jazzaldiaren 44. edizioa 2021era atzeratzea erabaki dute antolatzaileek. Uztailaren 13tik 18ra zen egitekoa, baina COVID-19ak eragin duten egoera dela eta, atzeratzea beste aukerarik ez dutela izan ziurtatu dute, gaur goizean euren web orrian zabaldutako oharrean.
"Saiatu gara, azkeneraino borrokatu gara, epeak ahalik eta gehien estutu ditugu, eta aukera guztiak aztertu ondoren, albiste txarra heldu da: Gasteizko Jazzaldiaren 44. edizioa hurrengo urtera atzeratu behar dugu, 2021era", dio hitzez hitz oharrak.
Urte hasieran jaialdia ia itxita zutela ekarri dute gogora, eta "kartel eder bat eta lehen lerroko musikariak" uztailen Gasteizera etortzeko dena lotuta zutela esan dute. Besteak beste, The Charlie Parker Legacy Band, Branford Marsalis, Anne Paceo eta Antonio Sanchez talde eta musikariak ziren jaialdian parte hartzekoak. Baina, "lehen emanaldiak iragartzen hasi ginenean, eta gure sarrerak salgai jartzeko egun gutxi falta zirenean, Gasteizek eta munduak historiako unerik zailenetako bati aurre egin behar izan zioten", adierazi dute.
"Segurtasuna eta osasuna beste ezeren gainetik" daudela nabarmendu dute antolatzaileek, eta hainbat "alternatiba" aztertu dituzten arren, aurtengo uztailean jaialdia egiteko modurik ez dute ikusi. "Lau proiektu desberdin prestatu genituen. Uztailean dena ondo joanez gero, Jaialdia Gasteizek merezi zuen poztasun txikia izatea nahi genuen. Eta inoiz baino irekiagoa izatea. Dena streaming bidez ikustea, ia dena doakoa izatea eta, osasun neurri posible guztiekin, Gasteiz jazzaren festa bihurtzea", esan dute.
Egoera zein den ikusita baina, eta "jasotako azken albisteak" kontuan izanda, "ezin dugu bermatu proiektu bakar bat ere egin daitekeenik, Jaialdiaren etorkizuna arriskuan jarri gabe".
Gauzak horrela, jaialdian posible egiten duten guztiei eskerrak eman ondoren, datorren utekoari begira jarrita dago Gasteizko Jazzaldia. "Hau ez da erraza izan. Sufritu ere egin dugu, negarrez eta 20:00etan txaloka. Baina ezin izan gaitu menderatu", esanez amaitu dute.
Donostia eta Getxo
Donostiako Heineken Jazzaldiak, bere aldetik, eutsi egingo dio aurreikusitako datetan (uztailaren 22tik 26ra) aurtengo jaialdiari, baina orain arte indarrean zen programa bertan behera utzi eta berria iragarriko dute ekain amaieran edo uztail hasieran. Orain arte erositako sarrerak maiatzean zehar itzuliko dituzte.
Getxon, bestalde, uztailaren 1etik 5era egitekoa zen Getxoko Nazioarteko Jazzaldia eta irailaren 25etik 27ra egitekoa zen Nazioarteko Folk Jaialdia bertan behera utzi dituzte.