Gabonetan
Aurten ere jarriko du martxan Kultura Bonoa Eusko Jaurlaritzak
Erredakzioa
Ekimenaren inguruan Txileko Gobernuak agertutako interesa azaldu du Kultura Sailak, eta testuinguru horretan eman dute aurtengo asmoen berri.
Azken bi urteetako arrakasta dela-eta, gabonetan Kultura Bonoaren kanpaina berriz ere martxan jarriko duela iragarri du astearte honetan Eusko Jaurlaritzak.
Herritarren artean kultur kontsumoa sustatzeko helburua duen ekimen honen inguruan Txileko Gobernuak agertutako interesa azaldu du Kultura Sailak, eta testuinguru horretan eman dute aurtengo asmoen berri.
Aurreko bi urteotan arrakasta handia izan du ekimenak. 25 euroko prezioa duen Kultura Bonoa erosita kanpainarekin bat egin duten saltokietan 40 euroko erosketa egin dezakete herritarrek. Liburu-dendek, musika-dendek (saltoki handiak salbu), antzokiek, museoek, musika-aretoek eta zinema-aretoek egin dezakete bat kanpainarekin, eta, beraz, bertan trukatu daitezke bonoak.
Kultura Sailak Txileko Gobernuari jakinarazi dionez, 2009ko gabonetan ekin zioten ekimenari, 834.00 euroko aurrekontuarekin, eta 287 saltokik hartu zuten orduan parte. Hurrengo urtean 885.000 eurokoa izan zen aurrekontua, eta 366 saltokik eman zuten izena.
Lehen urtean 55.625 bono saldu zituzten, eta 2010ean, berriz, 59.000 ale.