Itxi

MUSIKA

Kepa Junkerak jasoko du 2020ko Adarra Saria

EITB.EUS

Leer en Castellano

Aurrerago jakinaraziko den datan eskuratuko du musikari bilbotarrak saria, ez ekainaren 21ean, ohi bezala.

Kepa Junkera. Argazkia: Donostia Kultura

Donostia Kulturak Kepa Junkera musikari bilbotarrari emango dio 2020ko Adarra Saria. Hala erabaki du Juan González Andrés kazetariak, Irene Larraza Etxepare Institutuko zuzendariak eta Jaione Askasibar Donostia Kulturako Komunikazio eta Irudi zuzendariak osatutako Aholku Batzordeak.

Saria ez da, ohi bezala, ekainaren 21ean, Victoria Eugenia Antzokian, Musikaren Europako Egunean banatuko, Donostiako alkatearen eskutik. Aurrerago jakinaraziko den datan eskuratuko du musikari bilbotarrak saria.

Adarra Sariko Aholku Batzordeak honako hauek hartu ditu aintzat: Kepa Junkerak bere disko-produkzio eskerga eta ezin baliotsuagoaren bidez euskal musikari egin dion ekarpen handia; haren zuzeneko emanaldi askotariko eta sarriak, estilo, jatorri eta musika eta kultur tradizio guztietako musikariekin; ibilbide osoan indarrean jardun izana; erakutsitako jakin-mina eta musika-adimena, horri esker era askotako inguruabar eta arte-giroetara egokitzen jakin baitu; nazioartean duen proiekzioa eta euskal musikaz egin duen zabalkundea; haren birtuosismoa; tradizioaren alderako atxikimendua eta begirunea, eta berrikuntzarako gaitasuna; haren ondarea eta errepertorioa; estilo bat sortu izana eta sortzaile berrientzat bide eta aukera berriak ireki izana.

Kepa Junkerak jasoko duen saria Marijose Recalde (Iruñea, 1964) artista nafarraren eskultura bat da (garaikur baten tamainakoa). Lana brontzezko irudi neutro bat da, adar bat duena, musikaren jatorria iradoki nahian, adarrak naturarekin eta jatorrizkoarekin duen zerikusia dela medio. Brontzezko lana da, zenbait koloretako patinan bilduta, osagaiak bereizteko eta musikaren dardara, indarra, alaitasuna eta kitzikapena nabarmentzeko.

Donostiako Udalak eta Donostia Kulturak 2014an sortu zuen Adarra Saria, euskal musikaren arloan garrantzi edo eragin bereziko ibilbidea egin duen edo egiten ari den artista bati, urtero, omen egiteko. Orain arte Mikel Laboak, Ruper Ordorikak, Benito Lertxundik, Fermin Muguruzak, Anarik eta Berri Txarrak taldeak jaso dute Adarra Saria.