Donostiako Jazzaldia
Jazzaldiaren 55. edizioak 21 kontzertu eskainiko ditu Kursaaleko terrazetan
eitb.eus
Kontzertu gehienak tokiko musika taldeek eskainiko dituzte eta Frigo Gunean eta Zurriola Terrazan izango dira, uztailaren 21etik 26ra bitartean.
Donostiako Jazzaldiaren 55. edizioak tokiko musikari gazteak bilduko ditu gehienbat, eta guztira 21 kontzertu eskainiko dituzte Kursaaleko terrazetan. Zehazki, Frigo Gunean eta Zurriola terrazan, uztailaren 21etik 26ra, 17:30etik 23:00etara.
Kontzertu horien bidez azken urte hauetan agertoki horietan egon diren tokiko gazte musikariak ezagutarazi nahi dira. COVID-19ren mehatxuaren aurrean arduraz eta arretaz jardun beharrak eragin handia izan du kontzertu horien formatuan.
Alde batetik, eta ikuspegi artistikotik, Jazzaldiak musikariei eta taldeei eskatu die ahalegin bat egin dezatela euren musika “ganberakoa” izan dadin: perkusiorik gabe eta agertokian gehienez hiru pertsona egon daitezen. Era honetara, jendea eserita egotera gonbidatzen duen giroa sortu nahi izan dute.
Antolaketaren ikuspegitik, Kursaalgo terrazak taberna–jatetxe terraza bihurtuko dira, eremua mugatuko dute eta edukiera ere murriztuko da. Mahaien arteko tartea bermatuko da, eta jendea mahaien inguruan eserita egongo da edariak eta jakiak zerbitzaritzen diren bitartean.
Jazzaldiaren egitaraua
-Uztailak 21:
Randy Greer Trio Frigo Gunean 20:00etan
-Uztailak 22:
Connection trio Zurriola Terrazan 17:30etan
Around midnight Frigo Gunean 19:00etan
Jaso-Gimenez-Escrich-Trio Zurriola Terrazan 21:00etan
Randy Greer Trio Frigo Gunean 23:00etan
-Uztailak 23:
Les Fous Zurriola Terrazan 17:30etan
Randy Greer Trio Frigo Gunean 19:00etan
Los Juanes Zurriola Terrazan 21:00etan
Lemy River Frigo Gunean 23:00etan
-Uztailak 24:
Connection trio Zurriola Terrazan 17:30etan
Around midnight Frigo Gunean 19:00etan
Sean Clapis Duo Zurriola Terrazan 21:00etan
Randy Greer Trio Frigo Gunean 23:00etan
-Uztailak 25:
Les Fous Zurriola Terrazan 17:30etan
Sara Zozaya Frigo Gunean 19:00etan
Sean Clapis Duo Zurriola Terrazan 21:00etan
Matilda Frigo Gunean 23:00etan
Sara Mansilla y Los Juanes Zurriola Terrazan 17:30etan
Idoia Asurmendi Frigo Gunean 19:00etan
Sean Clapis Duo Zurriola Terrazan 21:00etan
Indian Feathers Frigo Gunean 23:00etan
Txikijazza
Donostiako Jazzaldiak sortutako Txikijazz egitarauak zortzigarren edizioa izango du aurtengoa. Uztailaren 23tik 26ra ospatuko da eta egungo egoerara egokitutako egitaraua izango du. Musika izango da protagonista nagusia, eta osasun neurriak direla-eta ez da haurrentzako jarduera paralelorik antolatuko.
Familian gozatzeko 4 kontzertu eskainiko dituzte, agintariek emandako babes eta higiene araudiak betez. Maskara derrigorrezkoa izango da 6 urtetik aurrera, eserlekuak esleitu egingo dira eta uneoro bete beharko dira antolakuntzaren jarraibideak.
Bi kontzertu Tabakalerako Kutxa Kultur Terrazan izango dira. Edukiera 74 pertsonakoa izango da eta 3 euro kobratuko dira pertsonako:
– The Binilo’s: uztailaren 23an, 20:30ean
– Los Juanes: uztailaren 24an, 20:30ean
Beste bi kontzertuak Kursaalgo Terrazan eskainiko dira, doan, eta sarrera mugatua izango da adingabeekin doazen familientzat (300 lagun guztira):
– The Binilo’s: uztailaren 25ean, 12:00etan
– Sara Mansilla eta Los Juanes: uztailaren 26an, 12:00etan
Txikijazzek Kutxa Fundazioa, SGAE Fundazioa, Gipuzkoako Aldundia eta Lacunza izango ditu babesle zortzigarren edizio honetan.