Heriotza
Joan Mari Torrealdai hil da
EiTB.EUS
Euskaltzain, soziologo, kazetari eta idazle izandakoa gaixotasun luze baten ondorioz hil da, 77 urte zituela.
Your browser doesn’t support HTML5 video
Euskal kulturan erreferente izan den Joan Mari Torrealdai (Forua, 1942) euskaltzain, soziologo, kazetari eta idazlea hil da ostiral honetan, 77 urte zituela, gaixotasun luze baten ondorioz. Euskaltzain urgazle, euskaltzain oso eta euskaltzain emeritu izan zen, baita Jakin aldizkariko zuzendari eta Euskaldunon Egunkariako kontseilari delegatua ere: bi arotan, 1964etik 1969ra eta 1977tik Lorea Agirreri 2014ean lekukoa eman zion arte.
Arantzazuko santutegian ikasketa frantziskanoak egin eta Toulousen Teologian lizentziatu bazen ere, erlijio-ordena utzi zuen. Gerora, Parisen Gizarte Zientzietan (Soziologia) lizentziatu zen eta beranduago, Euskal Herriko Unibertsitatean, Informazio Zientzietan, non fakultateko lehen euskarazko doktorego tesia aurkeztu zuen: 'Euskal Telebista eta euskara'.
Euskararen eta euskal kulturaren defentsan, kritikotasunez heldu izan dio beti Torrealdaik euskararen eta komunikabideen alorrari. Bere bizitzako pasarte beltzenak Egunkaria kasuarekin du zerikusia. Aipatu egunkariko delegatua zela, 2003ko otsailaren 20an Guardia Zibilak atxilotu zuen Egunkariako beste kide batzuekin batera. Sobera ezagunak diren torturak jasan zituen atxilo zen bitartean, 2010ean epaileak absolbitu zuen arte.
Baionan egindako nazioarteko konferentzia batean, 2015ean, minbizia zuela iragarri zuen, eta gaitza torturekin zuzenki lotuta zegoela adierazi zuen.