Zinemaldia
Fernando Truebak zuzendutako azken filmak emango dio amaiera aurtengo Zinemaldiari
EITB.EUS
David Trueba idazleak hamabi hizkuntza baino gehiagotara itzuli du best-seller honen egokitzapenaren gidoia eta 300.000 kopiatik gora saldu ditu, 20 herrialde baino gehiagotan.
Fernando Truebak zuzendu duen El olvido que seremos (Forgotten We'll Be) ekoizpen kolonbiarraren nazioarteko estreinaldiak lehiaketaz kanpo emango dio amaiera Donostiako Zinemaldiaren 68. edizioko Sail Ofizialari. Javier Camara du protagonista filmak, eta Hector Abad Faciolinceren izen bereko eleberriaren egokitzapena Cannesko Hautaketa Ofizialean izan da hautatua, pandemiaren ondorioz, jaialdia bertan behera gelditu den arren.
Hector Abad Faciolincek, gaur egungo Kolonbiako idazlerik nabarmenetako batek, bere aitaren historiaren berri eman zuen El olvido que seremos bere liburuan; idazlearen aita, Hector Abad Gomez, mediku eta giza eskubideen aldeko aktibista izan zen 1970eko hamarkadan Medellin anitz eta bortitzean. David Trueba idazleak hamabi hizkuntza baino gehiagotara itzuli du best-seller horren egokitzapenaren gidoia eta 300.000 kopiatik gora saldu ditu, 20 herrialde baino gehiagotan.
Caracol Televisión katearen proiektua da, Dago García Producciones ekoiztetxeak ekoitzi du eta Javier Camara, Nicolas Reyes Cano, Patricia Tamayo eta Juan Pablo Urrego aktoreek hartu dute parte bertan. Halaber, Kolonbiako Zinema Arte eta Zientzien Akademiak Iberoamerikako Film Onenaren Sarirako hautagai aukeratu zuen Goya sarien hurrengo ediziorako.
Filma Espainian banatzeko eskubideak Bteam Pictures konpainiak ditu eta Film Factoryri dagozkio haren nazioarteko salmentak.
Fernando Truebak (Madril, 1955) Ingelesez besteko Film Onenaren Oscar Saria eskuratu zuen Belle Epoque (1993) filmarekin, eta Donostiako Zinemaldian hainbat aldiz hartu izan du parte. Mientras el cuerpo aguante (1982) dokumentala aurkeztu zuen Sail Ofizialean, eta Sail Ofizialera itzuli zen geroago El baile de la victoria (2009) filmarekin (lehiaketaz kanpo eman zen). Zuzendari Onenaren Zilarrezko Maskorra ere eman zioten El artista y la modelo (2012) lanari esker.
Zinemaldiaren beste sail batzuetan ere egon izan dira ikusgai Truebaren hainbat lan; Made in Spanishen –Two much (1996), La niña de tus ojos (1999) eta Calle 54 (2000)–, eta Belodromoan –bertan aurkeztu zuen El milagro de Candeal (2004)–. Gainera, Javier Mariscal eta Tono Errandorekin batera zuzendutako Chico & Rita (2013) animaziozko filma ere "Animatopia. Animaziozko zinemaren bide berriak" atzerabegirakoaren parte izan zen.