Itxi

Ekimena

Kulturaren kontsumoa bultzatzeko asmoz 26.800 bonu salgai jarri dituzte Bizkaian

Agentziak | Erredakzioa

Leer en Castellano

Zehazki, bi bonu mota daude eskura, 15 eta 25 euroan, eta 40 euroko balioagatik trukatu daitezke. Bonuak 2021eko maiatzaren 31ra bitartean erabili ahalko dira.

Liburuak. Argazkia: EFE

Bizkaiko Foru Aldundiak 26.800 bonu jarri ditu salgai astelehen honetan, kultur produktuen kontsumoa bultzatzeko asmoz, koronabirusak eragindako krisiaren ondorioz sektoreak bizi dituen "une zailen aurrean".

Hala, Kutxabanken webgunean bi bonu mota jarri dituzte salgai, 15 eta 25 euroan, eta 40 euroko balioagatik trukatu daitezke. Bizkaia Aurrera Kultura Bonuak 2021eko maiatzaren 31ra bitartean erabili ahalko dira, soilik programari atxikitako establezimenduetan.

Aldundiak azaldu duenez, A motako bonuak 25 euroko salneurria du eta edozein kultura produktu erosteko balio du. Guztira, 17.000 bonu jarri dituzte salgai.

B motako bonuak, aldiz, 15 euro balio du, eta euskarazko kultur produktuak eskuratzeko da, Bizkaiko tokiko hedabideetarako harpidetzak barne. Besteak beste, liburu, musika, film, dokumental, joko, bideo-joko, museo, zinema, antzerki, dantza, kontzertu eta musikaletarako balio du. Kategoria honetan 9.800 bonu jarri dituzte salgai.

Bi bonu horiek 40 euroko balioa emango diote eramaileari kultur produktuak erosteko, bai eta museo eta zuzeneko ikuskizunetarako sarrerak eta kanpainari atxikitako establezimendu sareko beste kultur ekitaldi batzuk erosteko ere, baldin eta kanpainaren barruan dauden egunetan erosi eta erabiltzen badira.

Bonu bakoitzaren prezioaren eta erosketa-balioaren arteko aldea Bizkaiko Aldundiak finantzatuko du; izan ere, 500.000 euro bideratu ditu ekimen horretarako.

Pertsona bakoitzak kategoria bakoitzeko lau bonu erosi ahalko ditu gehienez. 2021eko maiatzaren 24ra arte erosi ahalko dira, eta programari atxikitako establezimenduetan bakarrik erabili ahalko dira, irailaren 14tik 2021eko maiatzaren 31ra bitartean.

"Ekimen honekin, kultur sektoreari bultzada eman nahi dio Bizkaiko Foru Aldundiak, bizitzen ari garen krisi soziosanitarioak gehien kolpatutako sektorea baita. Krisi larri hau ahalik eta azkarren gainditzea eta sektorea indartzea nahi dugu", adierazi du Lorea Bilbao Bizkaiko Euskara, Kultura eta Kirol diputatuak.