50 ikuskizun
Manel eta Tricicle, udazkenerako proposamenen artean Donostian
Erredakzioa
Lizz Wright, Los Secretos, Tommy Emmanuel, Antonio Rey, Mikel Urdangarin, Ken Zazpi eta Kubako Ballet Nazionala dira Donostia Kulturak antolatu duen programazioko beste izen nagusietako batzuk.
Lizz Wright abeslariaren ahotsa, Manel eta Los Secretos taldeetakoen pop doinuak, Tommy Emmanuel eta Antonio Rey musikarien gitarren soinua, Tricicle talde ezaguna eta Kubako Ballet Nazionala dira udazken honetan Donostian izango diren kultur proposamenetako batzuk. Guztira 50 musika, antzerki eta dantza ikuskizun programatu ditu Donostia Kulturak, urri, azaro eta abendurako.
Victoria Eugenia Antzokian, Antzoki Zaharrean, Egia eta Lugaritz kultur etxeetan eta Kursaalen izango dira hitzorduak.
Musika arloan, gustu guztietarako doinuak entzuteko aukera izango da: Lizz Wright estatubatuarra (azaroak 12), Herman Dune bikotea (urriak 26), Manel talde katalana (azaroak 15), Los Secretos talde mitikoa (azaroak 23) eta Tommy Emmanuel eta Antonio Rey gitarra-jotzaileek osatutako bikotea (azaroak 22), besteak beste. Victoria Eugenia Antzokian Chicago Mass Choir taldearen gospel doinuak (abenduak 22) eta Koruko Mutikoen emanaldia (abenduak 28) izango ditugu. Azken hauek Beatles taldekoen moldaketak ekarriko dituzte Gipuzkoako hiriburura. Euskal talde eta musikariak ere izango dira urte bukaeran: Mikel Urdangarinek (abenduak 23), Ruper Ordorikak (abenduak 29) eta Ken Zazpik (abenduak 30) agurtuko dute urtea Victoria Eugenian.
Antzerki programazioan, aipatzekoak dira Tricicle taldea ('Garrick' ikuskizunarekin), eta Carlos Latreren 'Yes We Spain' antzezlana (irailaren 30etik urriaren 2ra). 'Amar en tiempos revueltos' telesail ezagunaren moldaketa ere ekarriko dute Donostiara azaroaren 25ean eta 26an, eta Sasibill elkarteak zartzuela antologia bat taularatuko du, azaroaren 19an.
Dantzak ere tokia izango du, Gelabert-Azzopardi'Belmonte' lan abangoardista aurkeztuko duen taldearen eskutik. Yoshua Cienfuegos koreografoak '1.618 ... Da Vinci, Leonardo inspira danza' ikuskizuna ekarriko du (azaroak 27), eta Malandain Biarritz balletak, berriz, 'Lucifer' lana (abenduak 17-18). Kubako Ballet Nazionalak 'Beltxargen aintzira' taularatuko du azaroaren 26an, Kursaalen.