Itxi

Saria

Dantzaren Espainiako saria, Iratxe Ansarentzat

Agentziak | Erredakzioa

Leer en Castellano

Donostiarrari emango dio Espainiako Kultura Ministerioak urtero banatzen duen saria, Interpretazio sailean.

Interpretazio atalean irabazi du saria Iratxe Ansak. Argazkia: Danilo Moroni / Juan Carlos Toledo.

Iratxe Ansa donostiarrak Dantzaren Espainiako Sari Nazionala, Espainiako Hezkuntza, Kultura eta Kirol Ministerioak 30.000 euroz lagunduta urtero ematen duen golardoa, irabazi du, Interpretazio sailean. Jesus Carmona bartzelonarrak irabazi du saria Sormen atalean.

Dantzari, performer, koreografo eta irakasle gipuzkoarrari buruz hau esan du epaimahaiak: “Interprete gisa duen dimentsioak lan fisikotik haratago bultzatzen du, eta maisutasunez elikatzen du gorputza, eboluzio etengabe eta aldakor batean teknika gainditzeko”.

Gainera, “ikerketa eszeniko sakon baten ondorioz errotik landutako interpretazioen tratamendua” nabarmendu dute, horrek definitzen baitu, ebazpenaren arabera, “dantza ulertzeko bere modu pertsonala, Travellus (2018) eta Dog talks (2019) lanetan berriki ikusi ahal izan den bezala".

Ansak 20 pieza baino gehiago sortu ditu, eta 30 herrialdetan baino gehiagotan aritu da, Donostian eta Stuttgarten ikasi eta gero.

1993tik, nazioarte mailako hainbat konpainiatan ibili da, hala nola Basilea Balleten, Gulbelkian Balletean, Espainiako Dantza Konpainia Nazionalean (1997tik 2002ra), Lyon Opera Balleten eta Nederlands Danse Theaterren.  

Nacho Duato, William Forsythe, Jiri Kylian, Crystal Pite, Medhi Walerski, Johan Inger, Ohad Naharin, Mats Ek, Nils Christe, Patrick de Bana, Wayne McGregor eta Maurice Causey koreografoekin lan egin du, besteak beste.

2014tik, Matamorphosis Method dantza garaikideko metodoa garatu du Igor Bacovichekin batera, eta pelikula bat ere egin dute metodo horren inguruan.