Komikia
Paco Rocak "Memorias de un hombre en pijama" aurkeztu du
Erredakzioa
2008an Komikiaren Sari Nazionala irabazi zuen ilustratzaileak Astiberri Bilboko argitaletxean kaleratu du bere lan "autobiografikoena".
Donostiako Nazioarteko 59. Zinemaldian "Arrugas" filma estreinatu zuten, Paco Rocak idatzitako izen bereko komikian (2008ko Komikiaren Sari Nazionala) oinarrituta dagoen lana. Orain, komikiaren autoreak bere ametsa egia bilakatu duen berrogei urteko gizon baten kontakizuna dakar: egun osoa pijama jantzita eta etxetik irten gabe egotea lortu du gizon horrek.
Astiberri Bilboko zigiluak argitaratu duen lan honek karga autobiografiko handia dauka eta autore valentziarrak "gizadiaren ergelkeriaren" errepasoa egiteko aprobetxatu du. ‘Las Provincias’ egunkarian 2010eko martxotik 2011ko uztailera bitartean argitaratutako binetak erabili ditu lana osatzeko.
Grazia handiz eta ezer estali gabe, "Memorias de un hombre en pijama" (Astiberri 2011) lan berrian bere eta ingurukoen bizimoduen eguneroko kontuak ekarri ditu.
"Bizitzan bi aukera dituzu: deprimitu edo barre egin. Bikote barruko eztabaidei buruz, adiskidetasunari buruz edo eguneroko bizitzako arazoei buruz hitz egitea oso tristea izan daiteke. Barre egitea babesa bilatzeko mekanismoa izan daiteke", adierazi du autoreak EFE agentziari egindako adierazpenetan.
Ez da maitasunari, atsekabeari, laneko estresari, ohiko maniei eta gizon-emakumeek bizitza ikusteko duten ezberdintasunei buruzko erreferentziarik falta. Autoreak gauza guziei buruz barre egiteko duen modu partikularrean aurkeztuta daude, gainera, gaiok, eta bere buruari ere egiten dio barre: "Bizitza umorez hartu behar da. Nik, adibidez, pertsonaia patetikoa bezala margotu dut neure burua. Eta ez dit axola jendeak nire burua horrela ikustea, horrelakoa bainaiz", esan du.
Paco Roca "Arrugas" (2008ko Komikiaren Sari Nazionala) eta "El invierno del dibujante" (2011ko Bartzelonako Komiki Azokan Lan Onenaren Saria eta Gidoi Onenaren Saria) lanen autorea da eta 2012ko neguan lan berria argitaratuko duela aurreratu du: "Gerra zibilean erbesteratu zituztenei buruzko lana da; oso garrantzitsua izanda ere, oso gutxi dakigu horiei buruz. Nahi gabe eta konturatu gabe, heroi bilakatuko dira".