Itxi

2020-2024 legealdia

Sektorea profesionalizatzea eta euskara bultzatzea, Kultura Sailaren helburuak

eitb.eus

Leer en Castellano

Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak Legebiltzarrean azaldu duenez, C1 mailako matrikulazioan doakotasuna ezarri nahi dute 16 eta 30 urte bitartekoentzat.

Bingen Zupiria sailburuak legealdi honetarako erronkak azaldu ditu Legebiltzarrean. Argazkia: Efe.

Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak agerraldia egin du gaur goizean Eusko Legebiltzarreko Kultura, Euskara eta Kirol Batzordean, bere Sailak datozen lau urteetarako dituen erronka eta helburu nagusiak azaltzeko.

Hasteko, koronabirusak ekarri duen egoeraren aurrean, Zupiriak esan du hori arintzera bideratutako neurri aringarriak edo lagungarriez haratago “akatsa” litzatekeela kultura, euskara eta kirol arloetako politikak egungo errealitatera mugatzea: “Ezin diogu uko egin kultura, euskara eta kirol arloetan 2030eko Euskadi eraikitzeko bide orriari”.

Kultura

Kultura politikei dagokienez, “Kultura 2019-2022” planarekin lerratuak dauden hainbat konpromiso nagusi azpimarratu ditu Zupiriak: lan baldintzen hobekuntza eta sektorearen profesionalizazioa, besteak beste, EAEko kultur arloko estatutu propio bat sortuz; Artearen Euskal Sistema eratzea, Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan arte garaikidea lantzen duten eragile guztien lankidetza antolatzeko asmoz; industria ondarea berreskuratzeko bidean Euskadiko Industria Ondarearen Zentro berriaren proiektuari behin betiko bultzada ematea; eta Euskal Kulturaren Atari Digitala, Euskariana, abian jartzeko konpromisoa, “gure kultur sorkuntza eta ondarearen bilgune, informazio iturri eta erakusleiho digital nagusia”.

Gainera, Euskadiko Irakurketa Publikoko Sarea handitzen jarraitu nahi du Sailak: “Irakurketa Sustatzeko Euskal Plana zehaztu eta onartzea edo eta e-liburutegia garatzen jarraitzea” izango dituzte helburu, Zupiriak azaldu duenez.

Hizkuntza Politika

Halaber, Eusko Legebiltzarrean egin duen agerraldian, Zupiriak adierazi du euskararen ezagutzan eta erabileran aurrera egitea “herri helburua” izango dela Eusko Jaurlaritzarentzat “legealdi honetan ere”.

Bide horretan, hiru konpromiso nagusi dituztela azaldu du: euskararen ezagutza eta erabilera areagotzea; hizkuntza eskubideak bermatzea; eta “euskararen lurralde guztietan erakunde arteko lankidetza indartzea euskararen geografia osoan euskarak aurrera egin dezan”.

Zupiriak iragarri duenez, legealdi honetan matrikulazioaren doakotasuna ezarriko da C1 maila egiaztatzen duten 16 eta 30 urte bitarteko ikasleentzat, “pixkanaka”.