Itxi

Abenduak 14-20

Sormenek leihoa irekiko dio sormenari

eitb.eus

Leer en Castellano

Sormene jaialdiak plaza birtual eta fisikoa eskainiko die, hilaren 20ra arte, literatura, musika, bertsolaritza, antzerki, ikus-entzunezko, dantza eta arte plastikoei.

Hatxek "Panpin hautsien dantza" diskoa aurkeztuko du hilaren 20an, Sormene jaialdian.

Gaurtik, abenduak 14, hasita Sormene jaialdiak hitzaldi-ikastaroak eta kultur emanaldiak eskainiko ditu egunero-egunero, hilaren 20ra arte, Galdakaon eta, Euskal Herri osoarentzat, Interneten.

Emakumezko sortzaile euskaldunen lanak nabarmendu nahi dituen ekimenaren programazioak ikastaroak eskainiko ditu goizez, abenduaren 14tik 18ra. Sortzaileek (Irrimarra, Imanol Epelde, Amancay Gaztañaga, Andra Mari Dantza Taldea eta La Basu) sormen prozesuak azalduko dizkiete Torrezabal kultur etxean bertaratutakoei bertatik bertara eta beste ikasle eta irakasle batzuei streaming bidez.

Halaber, egun horietan hainbat sortzailek beren kultur adierazpideak taularatuko dituzte, 19:00etatik aurrera, Torrezabalen bertan (sarrerak bertantxe, ordubete lehenago). Hilaren 14an, Erradikalak ginen ikuskizuna eskainiko dute Ane Labakak eta Beatriz Egizabalek; 15ean Lizar Begoñak, Leire Bilbaok eta Miren Agur Meabek literatura errezitaldia egingo dute, Arkaitz Miner musikariak lagunduta; 16an Urruna antzerki emanaldia izango da; 17an, Mariage d’Amour dantza eta antzerki emanaldia izango da ikusgai; eta 18an “Emakume sortzaile euskaldunak egungo kantagintzan” solasaldia (20:30) eta J.Martina, Haizea, Ningra eta Kai Nakairen kontzertua (21:30). Azken egun horretako ekitaldiak webgunean soilik ikusi ahalko dira.

Bestalde, hilaren 19 eta 20an Ahotsenea espazioa batuko zaio Sormene jaialdiari, streamingez soilik ikusi ahalko diren saio banatan. Hilaren 19an, literaturaren txanda izango da, eta, 11:00etatik aurrera, beren lanaren berri emango dute, besteak beste, Miren Amurizak eta Eider Eibarrek, Miren Agur Meabek, Asel Luzarragak eta Peru Magdalenak. Egun horretakoak bukatzeko, Eñaut Elorrietak kontzertua eskainiko du, 21:30etik aurrera.

Hilaren 20an, musikak hartuko dio lekukoa literaturari, eta Ahotsenetik pasatuko dira Hatxe, Hilotz, Ro eta Aiko taldeak, besteak beste.

Albisteak (1)