Egitasmoa
Odon Elorza, Donostia 2016n Eusko Jaurlaritzaren ordezkari
'Hautatu den proiektua den bezalakoa da, eta inork ez du Odónek bezain ongi ezagutzen', adierazi du Blanca Urgell Kulturako sailburuak.
Blanca Urgell Eusko Jaurlaritzako Kulturako sailburuak Odón Elorza izendatuko du Donostia-2016 erakundearteko organoan Jaurlaritzaren ordezkari. Alkate ohia izan zen, izan ere, Donostia 2016ko Europako Kultur Hiriburua izateko hautagaitza proposatu eta bultzatu zuena.
Donostiaren proiektuak bakearekin, bizikidetzarekin eta herritartasunarekin loturiko ideia zehatz eta sendoak ditu zutabe nagusi gisa, eta, Blanca Urgellen esanetan, "horixe da 2016ra begira sustraitu den mezua; horixe da Gipuzkoako hiriburuan egingo diren ekitaldi guztietan zabaldu eta ezagutarazi behar den mezua eta esanahia. Gobernuaren aldetik –erantsi du sailburuak–, azpimarratu nahi dugu kulturak izan behar duela euskal herritarren arteko bakea, askatasuna eta ulerbideak sendotzeko bide etengabe bat."
Odon Elorzak proposatu eta bultzatu zuen Donostiaren hautagaitza 2016rako Europako Kultur Hiriburua izateko, bertako alkatea izan zen garaian. 2008. urtean lantalde teknikoa abian jarri zuen, eta lantalde horretako kideekin jardun zuen lankidetzan proiektua lantzeko prozesuan zehar, eduki garrantzitsuak eta programa zehatzak txertatuz. Gainera, Espainian eta Europako kultur eremuan hautagaitzaren aldeko laguntza-sarea sortzen parte hartu zuen, eta nazioarteko epaimahaiaren aurrean hautaketaren bi faseetan ‘Elkarbizitzarako kultura’ hautagatitzaren defentsan aritu zen.
"Hautatu den proiektua den bezalakoa da, eta inork ez du Odónek bezain ongi ezagutzen –adierazi du Blanca Urgellek–. Gainera, datozen urteetako prozesua ezagutzen du, behin Donostia kultur hiruburuaren izendapena jaso eta gero, eta beraren presentziak Donostia-2016an bermatzen du hautagaitza irabazlearen izpirituari eutsi egingo zaiola."
Arrazoi horiek direla eta, Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailaren iritziz interesgarria da Odón Elorza Donostia-2016 erakundearteko organoan egotea, instituzioen artean eta lantalde teknikoaren artean harreman hobeak izan daitezen, hautagaitza sustatzeko, programak garatzeko, eta erakundeen artean laguntzak bilatzeko.