Kanpaina
Eusko Jaurlaritzak 660.000 euro bideratuko ditu Kultura Bonurako
Erredakzioa
44.000 bonu jarriko dituzte salgai Gabonetako kanpainari begira, abenduaren 12tik aurrera eta 2012ko urtarrilaren 5era bitartean.
Your browser doesn’t support HTML5 video
Gabonetako kanpaina honetan ere Kultura Bonua eskuragarri izango dugu Jaurlaritzaren Kontseiluak Kulturako sailburuaren Agindua onartu ostean. Horretarako 660.000 euro erabiliko dira, alegia, 44.000 bonu saltzeko diru-kopurua.
Euskarri ezberdinetako kultura-produktuen erosketa lagunduko du diruz Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailak, kultura-bonu batzuen bidez (44.000). Bonuok hautatutako finantza-entitatearen bitartez jarriko dira salgai, eta berorien bitartez erabiltzaileak bere diruaren balioa handitu ahal izango du, bai liburuak edo diskoak erosterakoan, bai museo batean bisita egiteko edo zinera, antzerkira edo kontzertu batera joateko.
Bonu bakoitzak 25 euroko salneurria izango du, baina 40 euroko balioa emango dio erabiltzaileari kanpainia honi atxikitzen diren establezimenduetan liburuak edo musika-euskarriak erosteko, edo museo eta zuzeneko ikuskizunetan edo bestelako ekitaldietarako sarrerak erosteko. Bonu bakoitzaren 15 euroren diferentzia hori Eusko Jaurlaritzak ordainduko du.
Eraginkortasuna eta programaren gaineko kontrola bermatzeko, Kultura Sailak hautatutako entitate kolaboratzaileak txartel, multizerbitzu kutxazainen edo antzekoen bidez baino ezingo du kultura-bonua saldu, nahiz eta, Eusko Jaurlaritzak berariaz baimenduz gero, bestelako biderik ere erabili ahalko den. Alde horretatik, kreditu-txartel bakoitzarekin kultura-bonu bat baino gehiago erostea eragozten duten mekanismoak jarriko ditu entitate kolaboratzaileak, dela txartela blokeatuz dela bestelako prozeduraren baten bidez.
Merkataritza-establezimenduak Kultura Bonua programari atxikitzeko epea 2011eko azaroaren 24an hasiko da, eta 2011ko abenduaren 7an amaituko (biak barne). Pertsona interesedunek 2011ko abenduaren 12tik 2012ko urtarrilaren 5era bitartean erosi ahal izango dituzte bonuak finantza-entitate kolaboratzaileak gaitutako kutxazainetan. Bonuak soilik Programari atxikitako establezimenduetan erabili ahal izango dira, 2011eko abenduaren 12tik 2012ko urtarrilaren 20ra bitartean. Behin epea igaroz gero, ez dute ordaintzeko baliorik izango.