46. edizioa
200 ekitalditik gora eta hiru gune berri, aurten Durangoko Azokan
Erredakzioa
Iñaki Behobidek jasoko du Argizaiola saria, 434 izenburu berri aurkeztuko dira eta kultura galegoa izango da gonbidatua abenduaren 4tik 8ra zabalik egongo den azokan.
Your browser doesn’t support HTML5 video
Durangoko 46. Euskal Liburu eta Disko Azokan, abenduaren 4tik 8ra, 200 ekitalditik gora eskainiko dituzte. Hiru gune berri eraikiko dituzte aurten: Irudiena, Szenatokia eta Kabi@. Iñaki Beobide donostiarrak jasoko du Argizaiola saria eta 434 izenburu berri aurkeztuko dituzte kultura galegoa gonbidatu izango duen azokan.
Haur Literatura Aretoa eta Ahotsenea guneak finkatu ostean, hiru gune berriak dira aurten azokaren berritasun nabarmenenak:
Irudiena: Euskara Elkarteen Topagunearekin elkarlanean, euskarazko ikus-entzunezko sorkuntzaren erakusleihoa izango da.
Szenatokia: Euskal Herriko Antzerkizale Elkartearekin sortutako gune honetan, euskarazko antzerkigintzaren topaleku bilakatuko da.
Kabi@: sarean eta euskarri teknologiko berrietan euskaraz garatzen diren ekimenei zuzenduta dagoen proiektu honek euskarazko wikipediaren 10. urteurrena ospatuko du.
200 ekitalditik gora egongo dira aurten azokak ateak zabalik izango dituen egunetan. Ahotsenea, Haur Literatura Aretoa eta aipatutako gune berriak izango dira ekimen horien agertoki.
434 izenburu berri aurkeztuko dira aurten: 313 liburu, 63 disko, 23 aldizkari, 9 bideo, 15 liburu elektroniko eta beste era bateko 11 argitalpen. Stand kopuruan murrizketa izan da eta guztira 274 stand egongo dira, iaz baino 9 gutxiago.
Iñaki Beobide donostiarrak jasoko du 2011ko Argizaiola saria. Herri Gogoa diskoetxea sortu zuen 1967an, eta 1981 arte, musika talde askoren diskoak argitaratu zituen.
Kultura galegoa izango da aurtengo gonbidatua. Culturgal elkartearekin elkarlanean, hainbat ekitaldi antolatuko dira, eta Anton Reixa abeslariak 'Galizia denok gara' hitzaldia eskainiko du. Gainera, Mikel Urdangarinek, Acrobatak taldearekin batera, herri musiken aberastasuna erakusteko ikuskizuna eskainiko du Plateruena Kafe Antzokian.