Itxi

covid-19a

Eusko Jaurlaritzak 1,1 milioi euro bideratuko ditu kultur profesionalei laguntzera

N. V. | EITB Media

Leer en Castellano

covid-19aren eraginez 2019tik 2020ra fakturazioan % 20ko edo gehiagoko jaitsiera izan duten kultur arloko autonomo, enpresa eta entitate profesionalentzat izango dira dirulaguntzak.

Kulturaren Euskal Behatokiaren arabera, lanpostuen % 43 galdu zen kultur jardueran, covid-19agatik.

Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak 1,1 milioi euro bideratuko ditu covid-19ak sortutako krisiaren eraginez diru-sarrerak murriztu eta bere jarduera profesionalaren jarraitutasuna ezbaian ikusi duten kultura sektoreko profesional autonomo, enpresa eta entitate profesionalentzat.

Kulturaren Euskal Behatokiak pandemiaren hasieran kaleratutako eta Jaurlaritzako Kultura Sailak ohar batean jasotako datuen arabera, kultur jarduera % 82,6 murriztu zen pandemiaren lehen hilabeteetan eta lanpostuen % 43 galdu zen.

“Iaz bizitako egoeraren larritasunak eta aurtengo ziurgabetasunak bultzatuta”, beraz, Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak galera ekonomikoak arintzen lagundu nahi du, egitura profesionalek beren jardunarekin jarraitu ahal izateko.

Betebeharrak

Diru laguntzak jaso nahi dituztenek hainbat baldintza bete behar dituzte, hala nola, 2020ko fakturazioa, gutxienez % 70ean jarduera hauetakoren batekoa edo batzuetakoa izatea: arte eszenikoak, ikusizko arteak, arkeologia, ikus entzunezkoak, bertsolaritza, bitartekaritza edo kultura aholkularitza, liburua eta literatura, musika eta ondarea.

Gainera, Jarduera Ekonomikoen gaineko Zergan eta Gizarte Segurantzan alta emanda egon beharko dute, eta, beharrik badago, dagozkion erregistroetan. Gainera, jardueraren edo helburu sozialaren xede honako jardueraren bat izan beharko da: arte eszenikoak, ikusizko arteak, arkeologia, ikus entzunezkoak, bertsolaritza, bitartekaritza edo kultura aholkularitza, liburua eta literatura, musika eta ondarea.

2020ko fakturazioan % 20ko edo gehiagoko murrizketa izan behar da 2019ko ekitaldiarekin alderatuta eta egoitza iraunkorra EAEn egon behar da.

Laguntzen gehiengo zenbatekoa 2019-2020 urteen arteko fakturazio aldearen % 50a izango da betiere, eta, gehienez, 30.000 eurokoa, Kultura Sailetik zehaztu dutenez.

Kultura arloko profesionalek martxoaren 17tik apirilaren 16ra bitartean aurkeztu ahal izango dituzte eskabideak.