Abenduak 7
Berri Txarrak, Su Ta Gar, Lisabo eta Mikel Markez, Durangoko Azokan
Erredakzioa
Ahotsenean arituko dira, eta emanaldiak eitb.com-en jarraitu ahal izango dituzu, zuzenean. Irudienean 'Bertsolari' filma aurkeztuko dute.
Indartsu dator asteazkena Durangoko Azokan. 46. edizio honek laugarren eguna bizi du gaur, eta ez da faltako zer ikusi eta zer entzun bertako espazioetan. Gaur, Irudienean eta bereziki Ahotsenean ditugu eguneko hitzordu nagusienak, Antton (13:30), Lisabo (14:30), Rafa Rueda
(16:30), Berri Txarrak (17:00), Su Ta Gar (18:30) eta Mikel Markez (19:00) talde eta musikarien emanaldiekin. Gogoratu, Ahotsenean gertatzen
den guztia zuzenean eskainiko duela eitb-com-ek, streaming bidez. Sortzaileen gunean Xabier Lete gogoratuz hasiko dute eguna: ' Xabier Lete zuzenean, azken kontzertua' emanaldia eskainiko dute bertan, 10:30ean.
Zinema zaleek, Irudienean dute hitzordua gaur. 12:00etan, Laburbira programako zortzi film labur eskainiko dituzte, tartean 'Amona Putz' (Telmo Esnal,
2009), 'Ahate Pasa' (Koldo Almandoz, 2009), 'Artalde' (Asier Altuna, 2010) eta 'Urrezko Eraztuna' (Jon Garaño, 2011). Arratsaldean, 'Bertsolari' filma izango da bertan protagonista. Euskarazko bertsio laburtuaren aurkezpena eta emanaldia egingo dute, eta Asier Altuna zuzendariak
hartuko du parte bertan.
Aretoan, 'Historia del Rock Vasco' liburua aurkeztuko dute, 12.00etan; eta Txirri Mirri eta Txiribiton pailazo ezagunak ere izango dira bertan, arratsaldeko 18:30ean. Beren 40. urteurrena ospatzeko antolatu dituzten ekimenen berri emango dute.
Szenatokian hizkuntza gutxituen eta antzerkigintzaren errealitatea jorratuko dute 18:30ean, Jokin Oregi eta Ramon Agirre aktoreekin. Dejabu antzerki konpainiak itxiko du jardunaldia, 'Gure bide galduak' ikuskizunarekin.