Harrera oso ona
Kultura Bonuak agortu egin dira Bizkaian eta Araban
Erredakzioa
Gipuzkoan oraindik 2.000 ale daude salgai. Kanpaina honetan ez dute bonu gehiago aterako.
Kultura Bonuak agortu egin dira Bizkaian eta Araban, eta Gipuzkoan, oraindik, 2.000 ale daude saltzeke.
Joan den astelehenean Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailak 44.000 bonu kaleratu zituen: 25.520 Bizkaian, 11.880 Gipuzkoan eta 6.600 Araban.
Bereziki Bizkaian eta Araban izandako eskari handiari erantzuteko, 7.500 ale gehiago kaleratu zituzten asteazkenean bertan. Astea bukatu baino lehen, bonu guztiak agortu dituzte Bizkaian eta Araban.
Eusko Jaurlaritzak jakitera eman duenez, kanpaina honetan ez dute bonu gehiagorik kaleratuko. Guztira 772.500 euro bideratu dituzte hirugarren edizio honetarako, eta ''erabat'' arrakastatsutzat jo dute.