Entretenimendua
10.000 sinaduratik gora jaso dituzte Netflixek euskarazko edukiak eskaintzeko
EITB Media | Agentziak
EITB
Elkarteak azpimarratu du Ikus-entzunezko Komunikazioaren Lege Orokorrak "hizkuntza aniztasuna aitortu eta babestu" beharko lukeela.
Netflix Euskaraz kolektiboak 10.000 sinadura baino gehiago jaso ditu streaming plataformak euskarazko edukiak eskaini ditzan. Gainera, sinadura bilketa abendura arte luzatuko dutela esan dute, 20.000 firma lortzeko helburuarekin.
Durangon egindako agerraldian, elkarteak azpimarratu du “ikus-entzunezkoen sektorean herri gisa bizi dugun egoeraz” jabetzeko unea heldu dela. Hala, euskara biziberritu nahi bada, “gai hau eztabaidaren erdigunera eraman” behar dela azaldu dute.
Datuak mahai gainera ekarrita, “Netflixen 3.500 edukiko katalogotik, euskarazko lau film eta telesail bat bera ere ez" dagoela salatu dute.
Hizkuntza aniztasunaren aitortza
Taldeak lortutakoa alde batera utzita, Netflix Euskarazek azpimarratu du Ikus-entzunezko Komunikazioaren Lege Orokorrak “Estatuaren hizkuntza aniztasuna aitortu eta babestu” beharko lukeela.
Hala, alderdi politikoei galdegin die “haien arduraz jabetu” daitezen, arestian aipatutako legeak “euskaldunen eskubideak bermatu” behar baititu.