Administrazio Kontseilua
Erakundeek hilabete bat hartu dute Tabakalerari buruz gogoeta egiteko
Erredakzioa
Aurrerantzean Kutxa Tabakalerako laugarren bazkidea izango da, eta eraikineko 6.000 metro karratu erabili ahal izango ditu. Jaurlaritza Tabakalera eta Donostia 2016 proiektuak uztartzearen alde dago.
Your browser doesn’t support HTML5 video
Euskal erakundeek hilabete bateko epea hartu dute Tabakalerako kultura proiektuaren inguruan gogoeta egin eta erabaki bat hartzeko. Mahai gainean proposamen ezberdinak daude.
Eusko Jaurlaritzak, besteak beste, Tabakalera eta Donostia 2016 proiektuak uztartu egin nahi ditu. Jaurlaritzak uste du krisi egoeran formula hau errentagarriagoa litzatekeela Gobernuarentzat, Gipuzkoako Foru Aldundiarentzat eta Donostiako Udalarentzat. Ostegun honetan Donostian bertan egin duten Tabakalerako Administrazio Kontseilura eraman du proposamena, eta azken erabakia hilabete barru hartuko dutela iragarri dute. Ondoren, proiektu-eredua eta berau burutuko duen zuzendaritza ere jakitera emango dituzte.
Kutxa, laugarren bazkidea
Bestetik, Kutxa Tabakalerako laugarren bazkidea izango da gaurtik aurrera. Lanen kostuaren % 23a bere gain hartuko du, eta eraikineko 6.000 metro karratu erabili ahal izango ditu.
Lanek aurrera, baina kultur proiektua geldi
Eraikinaren eraberritze lanak aurreikusitako epean betetzen ari dira, baina kultur edukiei dagokienez proiektua geldirik dago.