Saria
Agustin Azkarate arkeologo eta historialariak jasoko du Eusko Ikaskuntzaren saria
N. V. | EITB Media
Eusko Ikaskuntza-Laboral Kutxa Humanitateak, Kultura, Arteak eta Gizarte Zientzien Saria jasoko du irakasleak. Gazteentzako deialdian, Ane Zulaikaren ”Emakumeak Blai” proiektua saritu dute.
Eusko Ikaskuntza-Laboral Kutxaren Humanitateak, Kultura, Arteak eta Gizarte Zientzien Saria Agustin Azkarate arkeologo eta historialariarentzat izango da. Hala ebatzi du sariaren epaimahaia osatzen duten Eusko Ikaskuntzaren eremu geografikoko zazpi unibertsitateetako ordezkariek, eta Eusko Ikaskuntza eta Laboral Kutxako ordezkariek.
Epaimahaiak azpimarratu nahi izan du, halaber, “Agustin Azkarateren lanak sakonki uztartzen direla Euskal Herriko errealitatearekin eta gizarte eta kultura garapenarekin, Gasteizko Santa Maria Katedrala berritzeko planean ondo baino hobeto islatzen denez”.
Gazte saria
Bestalde, Ane Zulaika Aranburu 31 urteko donostiarrak eskuratu du aurtengo Eusko Ikaskuntza-Laboral Kutxa Gazte Saria "Emakumeak Blai" lanarengatik. Bere lanak euskal emakumeek XX. mendearen bigarren erdian itsasoarekin zuten harremana erakustea du xede, euskarazko film labur baten bidez, Eusko Ikaskuntzatik azaldu dutenez.