Antzerki jaialdia
Izen ezagunak eta konpainia berriak, Erriberriko jaialdian
N. V. | EITB Media
Erriberriko Antzerki Jaialdiaren hogeita hirugarren ediziorako sarrerak ekainaren 1ean jarriko dituzte salgai.
Erriberriko Antzerki Jaialdiaren XXII. edizioak izen ospetsuak eta Nafarroako konpainia berriak batuko ditu uztailaren 16tik abuztuaren 1era musikaren, poesiaren, dantzaren eta antzerkiaren inguruan.
Jaialdiaren leloa “Arimaren bideetatik” izango da, sarrerak ekainaren 1ean jarriko dituzte salgai, eta Beireko Ezpeleta jauregira ere iritsiko da aurten lehen aldiz.
Konpainia ezagunen artean, besteak beste, La Zaranda dago, eta artista berrien taldean, berriz, The Lyrical View nafar taldea nabarmentzen da. Shakespeare, Leon Felipe eta Garcia Lorca klasikoen alboan, Raymond Carver eta beste egile moderno batzuen lanak ere taularatuko dituzte.
Nafarroako antzerkigileek hamaika proposamen erakutsiko dituzte: bost, jaialdiko agertoki nagusian; lau, Antzerki Poetika zikloan; bat, egonaldi-laborategian; eta azkena, Erriberriko Kultura Etxean.
Jaialdia uztailaren 16an abiatuko du “40 años de flamenco” Carmen Linaresen ikuskizunak. Flamenkoa, Andaluziako folklorea eta poesia ditu oinarri agertoki gainean egindako 40 urteak ospatzeko lanak.
Azken egunean, uztailaren 31n, “Oinak Lurrean” emanaldia eskainiko du The Lyrical View Nafarroako taldeak.