Heriotza
Pilar Bardem antzezlea hil da, 82 urte zituela
Agentziak | EITB Media
Arnasteko arazoak zituen 2013tik, Mexikotik heldu ostean. Madrilgo Ruber Internacional Ospitalean ospitaleratu zuten arazo horrengatik. 2008an Arte Ederretako Urrezko Domina irabazi zuen.
Pilar Bardem antzezlea hil da larunbat honetan, 82 urte zituela, arnasteko arazoekin zenbait egun ospitalean igaro ostean. Emakumezko aktore onenaren Goya saria irabazi zuen "Nadie hablara de nosotras cuando hayamos muerto" filmean egindako lanagatik.
"Bakean joan da, sufritu gabe eta bere ingurukoen maitasunarekin. Badakigu pertsona askok maite eta miresten zutela, Espainian eta Espainiatik kanpo; aktorea, borrokalaria eta solidarioa izan baitzen beti. Bihotzez eskertzen dugu gure amarekiko maitasun hori", adierazi dute ohar batean haren seme-alabek (Carlos, Monica eta Javier).
Guztira, 81 filmetan, 43 antzezlanetan eta 31 telesailetan parte hartu zuen. Aktore eta zine zuzendari familia bateko kidea zen; Juan Antonio Bardemen arreba zen.
Medikuntzako ikasketak hasi zituen, baina 1970eko hamarkadaren hasieran alde batera utzi zituen, antzerkian, zineman, telebistan eta zarzuelan lehen lanak eginez.
Dena dela, zineman lortu zuen arrakasta gehien. "El mundo sigue" (1964) filmarekin egin zuen debuta. Bere azken agerpen zinematografikoak, berriz, "La vida empieza hoy" (2010) eta "El rey gitano" (2015) izan ziren.
2008an Arte Ederretako Urrezko Domina jaso zuen. Beste sari batzuk ere irabazi zituen, hala nola Valladolideko Zinemaldiko emakumezko aktore onenaren saria (2004) eta Donostiako Giza Eskubideen Zinemaldiaren saria (2007).
Horrez gain, 2004ko Europako Parlamenturako hauteskundeetan Izquierda Unidako (IU) zerrendan aurkeztu zen.
Antzezleak, arnasteko arazo larriak zituen 2013tik, Mexikotik heldu ostean. Madrilgo Ruber Internacional Ospitalean ospitaleratu zuten arazo horrengatik.
"Tristura handiz jaso dut Pilar Bardem aktore eta aktibistaren heriotzaren berri. Doluminak adierazi dizkiet haren seme-alabei, familiari, lagunei eta lankideei", adierazi du Miquel Iceta Kultura eta Kirol ministroak Twitterren zabaldutako mezu batean.