Itxi

Zortzi emanaldi

Deabru Beltzak konpainiak etxean ospatuko du 25. urteurrena

N. V. | EITB Media

Leer en Castellano

Abuztuaren 9tik irailaren 4ra, zortzi emanaldi egingo ditu euskal konpainiak beste horrenbeste herritan, danborrak astintzen eta sugarrak pizten 25 urte daramatzala ospatzeko.

Deabru Beltzak konpainia Bilboko Kalealdian. Argazkia: Oneka Tirado.

25 urtean bost kontinente eta 35 herrialde bisitatu eta gero, etxean ospatuko du mende laurdena Deabru Beltzak kale antzerkiko euskal konpainiak. Perkusio, piroteknia eta koreografiaz beteriko zortzi emanaldi eskainiko ditu taldeak Bizkaiko beste horrenbeste herritan, abuztuaren 9an Zaratamon hasi eta irailaren 4an Etxebarrian bukatuta.

Bizkaiko Aldundiak (emanaldien sustatzailea) azaldu duenez, emankizunak kalean izango dira, baina, pandemiaren ondorioz, aforoa mugatuta egongo da, eta bertaratzen diren herritarrek eserita ikusi beharko dute ikuskizuna.

Hau izango da egutegia: abuztuaren 9an, Zaratamon (Elexalde plazan); abuztuaren 10ean, Atxondon (Udaletxeko plazan); 11n, Ereñon (Udaletxeko plazan); 23an, Diman (Udaletxeko plazan); 24an, Alonsotegin; 25ean, Lemoizen (Armintzakalde hondartzako parkinean); 26an, Lanestosan; eta irailaren 4an, Etxebarrian (Udaletxeko plazan). Emanaldi guztiak 21:30ean hasiko dira.

Euskal Herriko hainbat antzerki taldetan ibilitako aktoreek sortu zuten Deabru Beltzak kale antzerkiko konpainia, 1996an. Ordudanik, 10 antzezlanen 3.000 emanaldi baino gehiago egin dituzte 35 herrialde baino gehiagotan.

Finalista aukeratu berri dute Espainiako Arte Eszenikoen XXIV. Max Sarietan, Symfeuny lanagatik, kale-ikuskizun onenaren kategorian, besteak beste Markeliñe euskal konpainiarekin batera. Hori ere etxean ospa lezakete, Bilbon banatuko baitira sariok.

Oraingoz, baina, kandelei putz eginez barik, Bizkaian zehar sugarrak zabalduz, danbor hotsak joz eta dantzan ospatuko dute hogeita bost urteko bide oparoa.

Albisteak (1)