Tradizioa
Lapurdiko inauteriak, liburu batean eta hiru DVDtan bilduta
Gaur egun Lapurdiko ia herri guztietan ospatzen badira ere, inauteriak duela 40 bat urte galzorian egon ziren, eta Uztaritze, Ezpeleta eta Hazparnen bakarrik eutsi zioten ohiturari.
Your browser doesn’t support HTML5 video
Lapurdiko inauteri eta negu ohiturei buruzko ikerkuntza sakona egin du Thierry Truffaut Baionako antropologoak. 33 urtean egindako lana, liburu bat eta hiru DVDtan plazaratu du, Barandiaran Fundazioak emandako bekari esker.
Gaur egun Lapurdiko ia herri guztietan ospatzen badira ere, inauteriak duela 40 bat urte galzorian egon ziren, eta Uztaritze, Ezpeleta eta Hazparnen bakarrik eutsi zioten ohiturari. Baina Lapurdiko inauteriek historia luzea dute.
Thierry Truffautek 33 urte eman ditu gaia ikertzen eta horren emaitza dira liburua eta hiru DVDak. Lehenengoak Lapurdiko 40 herritako monografiak jasotzen ditu; bigarrenak, azken urteetan jasotako etxez etxeko filmazioak, eta hirugarrenak joan den mende hasierako inauterietako protagonisten testigantza batzuk .
Lan mamitsu honen egileak dio garai batean negutik udaberrirako aldaketa markatzen zutela inauteriek eta egun, herritarrak elkartzeko balio dutela bereziki. Ahozko transmisioaren faltaz ere hitzegin zuen, esanez gabezia hori orekatzea ikerlari eta komunikabideen gain dagoela.
Lapurdiko inauteriak Unescok ondare izendatzeko eskakizuna egina dago. Pare bat urte barru jakingo dugu erantzuna.