Itxi

Aktorea

Ane Gabarain gipuzkoarra Emmy sarirako izendatu dute 'Patria' telesailean egindako lanagatik

Agentziak | EiTB Media

Leer en Castellano

Valeria Betucelli argentinarra, Menna Shalaby egiptoarra eta Haley Squires britainiarrarekin lehiatuko da. Sariak azaroaren 22an entregatuko dituzte New Yorken.

Ane Gabarain aktorea. Argazkia: EFE

Ane Gabarain aktore gipuzkoarra Emmy sarirako izendatu du epaimahaiak. Sariak azaroaren 22an entregatuko dituzte New Yorken. HBOk eta Alea Mediak ekoitzitako Patria telesailean egindako lanagatik izendatu dute Gabarain.

Gabarain Valeria Betucelli aktore argentinarra (El cuaderno de Tomy), Menna Shalaby egiptoarra (Every Week Has a Friday) eta Haley Squires britainiarrarekin (Adult Material) lehiatuko da.

Gabarain aktore komikoa izan da gehienbat, eta bere ibilbide profesionalaren zati handi bat ETBko telesailetan egin du: Bi eta bat, Jaun ta Jabe edo Mi querido Klikowsky.

Ane Gabarain eta Elena Irureta 'Patria' telesailean.

Espainia mailan, noizean behin aritu da, Alex de la Iglesiaren bi filmetan egindako lanak esaterako: La Comunidad eta 800 balas. Alli Abajo telesailean Maritxuren papera egin zuen, eta Patria-n Mirenena.

International Emmy Awards sariek AEBtik kanpo ekoitzitako telebista saioak saritzen dituzte. Aurten 24 herrialdetako lanak izendatu dituzte, tartean Argentina, Txile, Kolonbia, Mexiko, Brasil eta Espainiako telesailak.

Bestalde, gizonezko aktore onenaren saria jasotzeko hautagaiak Christian Tappan kolonbiar-mexikarra (El robo del siglo), Roy Nik israeldarra (Normali), Nawazuddin Siddiqui indiarra (Serious Men) eta David Tennant britainiarra (Des) dira.

Ane Gabarain eta Elena Irureta 'Patria' telesailean.