Ekitaldiak
Robert Caparen 'Maleta mexikarra', bakearen kulturen urtean
'2012, Bakearen eta Askatasunaren aldeko Kulturen Urtea' nazioarteko artisten argazkien erakusketa batekin eta 'Zentzua eta Jasangarritasuna' proiektuarekin osatuko dute.
Your browser doesn’t support HTML5 video
Robert Caparen, Seymourren eta Taroren argazkiak biltzen dituen "Maleta mexikarra" erakusketa '2012, Bakearen eta Askatasunaren aldeko Kulturen Urtea' delakoaren protagonista izango da, nazioarteko hainbat artistak gerra eta bakearen inguruko argazkiekin egindako erakusketarekin batera.
Blanca Urgell Kultura sailburuak Gernikako eta beste euskal udalerri askotako bonbardaketaren 75. urteurrena ospatzeko jarduerak aurkeztu ditu, "baina ez ikuspuntu biktimista batetik -azaldu du-, etorkizunera begira baizik", ETAren jardueraren etenaldiaren ostean.
Bestalde, aurreko argazki erakusketaz gain, 2012 Fundazioak Urdaibain "Zentzu eta Jasangarritasuna" egitasmo artistikoa jarriko dute martxan, UrdaibaiArte egitasmoaren baitan. Antonio Rivera Kultura sailburuordeak azaldu duenez, "naturari, lurraldeari eta eremu publikoari buruzko parte-hartze artistikoko nazioarteko proiektu bat" da.
Bestalde, ekainaren 7tik 10era, Bilbon, Donostian eta Gasteizen "Pido la paz y la palabra" jaialdia egingo dute Blas de Otero Fundazioarekin eta Medellineko (Kolonbia) Poesia Jaialdiarekin batera. 40 poeta eta musikari izango dira. Kirmen Uribe, Jose Fernandez de la Sota eta Jon Kortazar izango dira komisarioak eta Bernardo Atxaga, Douglas Dunn, Jack Hirschmann, Zakaria Mohammed, Werewere Liking, Lello Voce eta Manuel Rivas arituko dira, besteak beste.