Itxi

Arte Ederren Antzokia

Donostiako Arte Ederren antzokia eraberritzeko lanak behin-behinean geldiarazi ditu epaitegi batek

AGENTZIAK | EITB MEDIA

Leer en Castellano

Epaileak azpimarratu du eraikin kultural babestua dela eta hiru eguneko epea eman die aldeei alegazioak aurkez ditzaten. Ostatu turistiko bat egiteko baimena eman zuen Udalak.

Donostiako Arte Ederren antzoki zaharra. ETBko bideo batetik hartutako irudia

Donostiako epaitegi batek Arte Ederren antzoki zaharra eraberritzeko lanak behin-behinean geldiarazteko agindua eman du. Udalaren baimena jaso ostean, enpresa batek eraikina erreformatzeko obrak abiatu ditu, ostatu turistiko bilakatzeko asmoz. Eraikinak hiru hamarkada baino gehiago daramatza itxita.

Ancora plataformak helegitea aurkeztu zuen auzitegietan eraikinaren barrualdean lanean ari zirela salatuz eta eraikina babesteko eskatuz. Epaileak lanak gelditzea erabaki du, urgentziazko kautelazko neurri gisa, eraikinean "kalte konponezinak" egin daitezkeela iritzita.

Halaber, Donostiako Udalari eta eraikinaren jabetza duen enpresari hiru eguneko epea eman die, nork bere alegazioak aurkez ditzan. Ondoren, epaileak neurri hori mantentzea edo bertan behera uztea ebatziko du.

Ebazpenaren arabera, Ancora plataformak aurkeztutako dokumentazioak erakusten du obrak hasita daudela eta horregatik erabaki du premiazko neurri hori hartzea.  

Horrez gain, 2015ean, Eusko Jaurlaritzak Arte Ederren antzokia ondasun kultural babestu izendatu zuela hartu du kontutan epaileak.