Itxi

Elkarrizketa

"Antzerkiak galderak egin behar dizkigu, astindu, axolagabe ez utzi, eta 'Altsasu'k hori egiten du"

Natxo Velez | EITB Media

Leer en Castellano

María Goiricelayak "Altsasu" antzezlana zuzentzen du, berak idatzitako lana, eta Arriaga Bilboko antzokian taularatuko dute lehenengoz urriaren 28an (euskaraz) eta 29 eta 30ean (gaztelaniaz).

María Goiricelaya, "Altsasu" antzezlanaren idazle eta zuzendaria

Zer gehiago esan daiteke Koxka Altsasuko tabernaren kanpoaldean 2016ko urriaren 15ean gertatu zirenei buruz eta jazoera horien tratamendu, erabilera eta ondorioei buruz? Bada, esan diren baino askoz gauza gehiago esan daitezke eta esan behar dira, artetik ere bai, horren zeregina gure errealitatearen alde ezezagunak aditzera ematea bada (eta bada). Zauriei ez ikusiarena egiten diegunean, zornatu egiten dira, mina eta bidegabekeria darie. Horren jakitun egon beharko ginen honezkero.

María Goiricelaya bilbotar aktore, antzerkigile eta eszena zuzendariak (Ama Kuraia / Madre Coraje; Yerma…) oholtzara eraman du orain gure historia hurbileko gertakari hura, Altsasu antzezlanean, "zaurien jarioa gelditzeko, barkamenaz, adiskidetzeaz eta elkarbizitzaz hitz egiteko" asmoz idatzitako obran.

Altsasu-n Nagore Gonzalez, Egoitz Sanchez, Aitor Borobia eta Ane Pikaza aktoreek lan egiten dute, eta Arriaga antzokian estreinatuko dute, Bilbon, urriaren 28an euskaraz eta biharamunean, hilaren 29an, gaztelaniaz.

Goiricelayarekin mintzatu gara, antzezlanari buruz.

Zergatik oholtzaratu 2016an Altsasun gertatutakoa? Zer bulkada edo hausnarketa dago antzezlan honen atzean?

Altsasu sortzeko ideia "Cicatrizar" proiektuaren baitan piztu zen, Nuevo Teatro Fronterizo Estatuko dramaturgia laborategi garrantzitsuenetako baten barruan. Nazioarteko proiektu horren baitan otu zitzaidan Altsasu istorio ona izan zitekeela agertokietara eramateko, Euskal Herriko "orbainei" buruz hitz egite aldera.

Hori da ernamuina; antzerkiaren bidez memoriak orainean daukan papera aztertzeko nahia, zaurien jarioa gelditzeko borondatea, barkamenaz, adiskidetzeaz eta elkarbizitzaz, azken batean gure etorkizunaz, hitz egiteko gogoa.

'Altsasu' antzezlanaren entseguak

Nolakoa izan da dokumentazio prozesua, idazteari ekiteko?

Prozesu luzea izan da. Ideia hau 2018an sortu zen, auziaren inguruan gero egin diren telesail eta dokumentalen aurretik.

Antzerkigintzan, denborak ezberdinak dira, eta idazteko prozesuak urtebete inguru iraun zuen. Denbora horretan, denetariko informazioarekin lan egin nuen: albisteak, irudiak, argitalpenak, liburuak eta, noski, epaiketaren transkripzioa.

Erronka handia izan da datuak biltzea, gertakariak berritzea, beste batzuk asmatzea… eta horri guztia behar zuen forma ematea, agertokian kontatzeko moduko pieza bat izan zedin.

Zer muga ezartzen dizkizu sortzeko benetako gertakari oso labainak erabiltzeak? Zerk zuritzen ditu gertakarien inguruko lizentziak, halakorik balego?

Lizentziak badaude, noski. Ikuskizuna auzian oinarrituta dago eta antzerki dokumentaletik edaten du, baina Altsasun 2016ko urriaren 15ean jazotako gertakarietan oinarritutako fikzioa da.

Protagonista guztiei ahotsa emateko erabili ditugu lizentziak, nahasitako alde bakoitzaren mina erakusteko eta publikoari enpatia ariketa bat proposatzeko, errealitate ezberdinetatik abiatuta. Niretzat afera azaltzea zen garrantzitsuena, horren problematika etiko, filosofiko, juridiko eta psikologikoa erakustea. Hori da "orbaintzea": pertsona bakoitzak bizi duenari buruz askatasunez hitz egin ahal izatea eta eztabaida askerako gune bat sortzea.

Jakina, sortzeko beharkizunen artean beti egon dira gaia errespetu eta zorroztasun osoz lantzea eta jazoerak antzerkiaren mintzairara egokitzea. Hemen ez dago ikus-entzunezkoetan dauden adina baliabide; jolasa beste bat da, poetika beste bat eta gertakari hauei aurre egiteko modua ere bai.

Zer ikusle izan duzu gogoan istorioa idazteko orduan. Jendeak oso ezaguera maila ezberdina du gertakari horien inguruan, eta uste dut hil edo bizikoa izango dela norentzat ari zaren zehaztea, testua testuinguru sakonago edo azalekoagoaz janztea erabakitzeko…

Ikusle kritikoa dut buruan, gizartearekin konpromisoa duena. Gure gizartea hobea eta gure mundua bidezkoagoa izan daitekeela uste duten pertsonak. Iritzi partikularretan edo gertakari polarizatuan gelditzen ez diren pertsonak, ezpada ikuskizuna etorkizunerako begirada sendagarri batetik ikusteko gai direnak.

'Altsasu' antzezlaneko lau aktoreak, entseguetan

Zer aurkituko du ikusleak agertoki gainean? Zer baliabide erabili dituzu istorioa kontatzeko?

Justizia erdigunean jartzen duen eta berorren esanahia eta funtzionamendua ezbaian jartzen duen ikuskizuna aurkituko du, eta inoiz gertatu behar ez zuen istorio bat kontatzeko pertsona asko izatera jolasten diren lau aktore ere topatuko ditu.

Agertoki gainean, ez da ia ezer egongo eta, paradoxikoki, denetarik egongo da. Irria, beldurra, haserrea, malkoak, musuak, besarkadak… Gure izaera politiko edo ideologikoaz haraindi berdin egiten gaituen hori guztia dago; gizaki egiten gaituen hori guztia.

Zer etorkizun opa eta aurreikusten diozu antzezlanari?

Toki askotan ikusi ahal izatea nahiko nuke: hemen, Euskal Herrian, bira eder bat itxita daukagun tokian, eta, noski, gure mugez haraindian.

Nire ustez, antzerkiak galderak egin behar dizkigu, astindu, axolagabe ez utzi, eta Altsasu-k hori egiten du. Zuzen-zuzenean zuzentzen zaigu, eta pentsatzera, hitz egitera eta niretzat gizarte batean hil edo bizikoa den zerbaitetara bultzatzen gaitu: aurrez aurre daukagun beste pertsona horrengan pentsatzera.

'Altsasu'

Albisteak (1)