Ekitaldi instituzionala
Espainiako Hizkuntzaren Errege Akademiak euskara omenduko du
Ekitaldian Henrike Knörr euskaltzainari omenaldia egingo diote. Arantza Quiroga, Blanca Urgell eta Andres Urrutia izango dira, besteak beste, ekitaldian.
Jose Ignacio Wert Hezkuntza, Kultura eta Kirol ministroak eta beste hainbat erakundetako ordezkariek hartuko dute parte gaur Espainiako Errege Akademiak (RAE) euskarari egingo dion omenaldi instituzionalean.
“Euskarari gorazarre” Etxepare Euskal Institutuak, Euskaltzaindiak eta Euskalerriaren Adiskideen Elkarteak Madrilen antolatutako jardunaldien barnean kokatzen da euskarari egingo dioten omenaldia.
Wert ministroaz gain, Jose Manuel Blecua RAEko zuzendaria, Arantza Quiroga Eusko Legebiltzarreko lehendakaria, Blanca Urgell Kultura sailburua, Andres Urrutia euskaltzainburua, Jose Maria Urkia Euskalerriaren Adiskideen Elkarteko zuzendaria eta Xose Luis Mendez Ferrin Galiziako Errege Akademiako zuzendaria ere bertaratuko dira omenaldi instituzionalera.
Horrez gain, Henrike Knörr 2008an hil zen euskaltzainari omenaldia egingo diote. Jose Antonio Pascual RAEko zuzendariordea arduratuko da horretaz, Jose Luis Lizundia Euskaltzaindiko diruzainarekin batera.