Itxi

Itsuentzako artea

Txuria eta beltza ukitu ahal izatea

EITB Media

Leer en Castellano

Duela hamarkada bat baino gehiago sortu zuen Juan Torre argazkilariak "Ukitzeko irudiak" erakusketa. Horren prozesua azaldu digu, eta artea pertsona itsuei gerturatzeko erronkez ere aritu da.

Juan Torre argazkilaria "Ukitzeko irudiak" erakusketan. Argazkia: Juan Torre

Ez da soilik artea pertsona itsuei gerturatzea, pertsona itsuak artea egitera ere animatzea baizik. "Beti izan dut ezinegona", esan digu Juan Torre argazkilariak (Getxo, 1946). Aurretik erredaktore grafiko gisa lan egin ostean, Behcet sindromeak ikusmena galduarazi zion; egun % 6ko ikusmena du. Musika eta bateriarekin joan-etorrian, Torre ohartu zen "benetan sentitzen nuena irudia" zela. "Barrutik zerbait ateratzeko nire modua zen", erantsi du.

Argazki batzuen liburu bat editatu bitartean, Durero estudioetan, ilargi zuri baten argazki batekin egin zuen topo bertan, hondo beltz batekin. "Argazkia ukitzera ausartu nintzen. Groteskoa izan zen lehen unean, baina nabaritu nuen erabilitako tintetan bazela erliebe bat", gogoratu du argazkilariak.

Ilargiak pentsarazi zion zergatik ezin ote ziren argazkiak ukitu, bere kide eta lagunek erakusketa batera "modu independentean" joateko plazera berreskuratzeko. Irudiak "ukitu ahal izateko, ulertu ahal izateko". Dureroko langileei "zorakeria" iruditu zitzaien, baina tematu egin zen ideia horrekin, formarekin, tituluarekin: "Ukitzeko irudiak". "Azkenean, konbentzitzea eta zoramenera eramatea lortu nuen".

Musikarekiko zuen zaletasuna eta Sonny Emory bateria-jotzailearen argazki bat berreskuratuz, erakusketa musikariei buruz egitea otu zitzaion, "zentzu bikoitza" zuelako: "Jo egiten dute musikariek, eta ukitu egin daitezke". Argazkietan musika munduaren eta itsutasunaren arteko "keinuak" daude: Ainhoa Arteta eta mozorro bat, Mikel Erentxun zapi batekin, El Drogasen betaurrekoak… "Detaile txiki batzuk".

"Lekukotza bat"

"Ukitzeko irudiak" arte inklusiboaren eredu bat da. Halere, Torrek azpimarratu duenez, "gehiago dago egiteko". "Pausoak ari dira ematen" museoetan, Guggenheimek duela bi aste aurkeztutako "Idi-bihotzak" eskulturaren erreplika, kasu.

Bisitari batzuk eta Juan Torre argazkilaria 'Ukitzeko irudiak' erakusketan. Argazkia: Juan Torre

"Espazio txikietara mugatzen gara, eta lekukotza bakarrean geratzen da. Egiten diren erakusketa guztietan egon beharko luke behintzat testigantza bat. Obra bat, edozein diziplinako zerbait ukigarria. Kontuan izan gaitzatela", argudiatu du Torresek.

"Kulturaren zati oso bat" falta da oraindik lantzeko. Helburu horrekin, ONCEk etengabe egiten du lan pertsona itsuen kolektiboak eskaintza kulturalera sarbidea izan dezan. Horren asmoa da kolektibokoek "autonomia pertsonala" lortzea, Ana Davila Euskadiko Afiliatuen Gizarte Zerbitzuetarako buruaren arabera.

Museoekin ez ezik, antzoki, argitaletxe, zinema eta abarrekin ere elkarlanean ari da ONCE. Bermatzen dute edukiak publiko itsuarentzat irisgarriak izatea. Era berean, ONCEk funts bat bideratzen du bere afiliatuen proiektu kulturalak bultzatzeko: "Donostian baditugu hainbat abeslari musika-taldeekin; Bilbon, hainbat liburu argitaratu dituen idazlea dugu", esan du Davilak.

Torreren esanetan, "ez da berdina zuri kontatzea edo zuk zeuk parte hartzea eta esperientzia besteekin partekatzea". Ez da itsuen kontua, gizartearena baizik.

Albisteak (1)