Ikastaroak
Sukaldaritzaren "zaleek" tokia dute Basque Culinary Centerren
18 ikastaro eskainiko dituzte. Plater sofistikatuenak eta xinpleenak; Italiako errezeta tradizionalenak eta sushia: hori eta gehiago eskainiko dute uztailera bitartean.
Your browser doesn’t support HTML5 video
Donostiako Basque Culinary Centerrek udaberri eta udarako prestatu dituen ikastaroak aurkeztu ditu. Ikastaro irekiak dira, izena emateko ez omen da aurretik sukaldean aritutakoa izan behar, eta denetik ikasteko aukera eskaintzen dute.
Plater sofistikatuenak eta xinpleenak; Italiako errezeta tradizionalenak eta sushia. Horiek denak eta askoz gehiago ikasi daiteke udaberri eta uda honetarako Donostiako Basque Culinary Centerrek antolatu dituen ikastaroetan.
Irakasleen artean, zentroko irakasleak jakina, eta Rubén Trincado eta Aizpea Oihaneder bezalako izen handiko sukaldariak ere. Parte hartzeko, ikasteko gogoa besterik ez omen da behar.
Hil honen amaieran hasi eta uztaila arte 18 ikastaro izango dira guztira. Badira egun bakarrekoak, baita 9 saiokoak ere. Prezioak, 45 eurotik 280 arte, eta euskaraz, gaztelaniaz, eta ingelesez ere izango dira, ikastaroak turistentzako aukera bihurtu nahi baitituzte, edota, zergatik ez, opari berezi bat egiteko ideia.