Etxepare Euskal Institutua
Koldo Mitxelena katedra inauguratu dute Chicagoko Unibertsitatean
Erredakzioa
Lourdes Oñederra EHUko Fonologia katedraduna izango da lehen irakaslea. Etxepare Euskal Institutuak, Cervantes Institutuak eta Chicagoko Unibertsitateak elkarrekin egindako lanaren ondorio da.
Your browser doesn’t support HTML5 video
Asteazken honetan inauguratu dute Chicagoko Unibertsitatean Koldo Mitxelena katedra. Euskal ikasketak zabaltzea izango du xede, eta Etxepare Euskal Institutuak, Cervantes Institutuak eta Chicagoko Unibertsitateak elkarrekin egindako lanaren fruitu da. Lourdes Oñederra izango da lehen irakaslea, EHUko Fonologia katedraduna.
Inaugurazio ekitaldi ofizialean Blanca Urgell Eusko Jaurlaritzako Kultura sailburua eta Mari Jose Olaziregi Etxepare Euskal Institutuko Euskara Sustatu eta Hedatzeko zuzendaria izan dira. Koldo Mitxelena katedra abiatzeko hainbat ekitaldi antolatu dituzte hilaren 22ra bitartean, tartean hitzaldiak, mahai-inguruak, film emanaldiak eta erakusketa bat.
Horrela, euskal kulturaren esparruan aditu diren hainbat kazetarik hitzaldiak eskainiko dituzte, tartean Paddy Woodworthek. Arantxa Urretabizkaia eta Eider Rodriguez euskal idazleek mahai-inguru batean hartuko dute parte, eta Helena Taberna eta Asier Altunaren filmak eskainiko dituzte. Erlea Maneros Zabalaren erakusketa ere izango da ikusgai Chicagoko Unibertsitatearen Reva and David Logan Center for Creative and Performing Arts gunean.
Guztira, hiru katedra
Duela hilabete batzuk New Yorken zabaldu zen Bernardo Atxaga katedrari beste bi gehitu dizkio Etxepare Euskal Institutuak. Koldo Mitxelenarenarekin batera, Eduardo Chillidaren katedra da bestea, euskal artean oinarritutakoa. Frankfurteko Goethe Unibertsitatean zabalduko da.