Musika
Zea Mays bueltan da
EITB MEDIA
Azaroan, Aiora Renteria abeslariak aldi baterako eszenatokiak utzi zituen, minbizi bati aurre egiteko. Orain bueltan dira, eta kontzertua eskainiko dute apirilaren 9an, Bilbon. Halaber, martxoaren 3an single berria argitaratuko dute.
Your browser doesn’t support HTML5 video
Zea Mays eszenatokietara itzuliko da. Azaroan, musika aldi baterako utziko zuela iragarri zuen taldeak, Aiora Renteriak minbiziari aurre egiteko, eta orain, "atseden hartu ondoren eta zaintza pertsonalari denbora eskaini ostean", kontzertua iragarri dute apirilaren 9rako Bilbon.
Santana aretoan izango da emanaldia eta sarrerak asteazken honetan, 12:00etan, jarriko dituzte salgai. Kontzertu horrekin, gainera, euren 25. urteurrena ospatuko dute.
'25 joan dira ta!' ekimena antolatu dute, beren 25. urteurrena ospatzeko. "Oraingoan, gainera, etxean izango gara eta ilusio berezia egiten digu ekitaldi hau Zea Mays familiarekin partekatzeak", azpimarratu dute sare sozialetan publikatutako mezu batean.
Horrez gain, azken hilabeteotan "proiektu berrietan" lan egiteko aukera izan dutela eta datorren martxoaren 3an single berria kaleratuko dutela jakinarazi dute.
"Oso eskertuta gaude orain arte jaso dugun babesagatik, eta denok batera abestiek duten indarra partekatzeko gogotsu gaude", erantsi dute agirian.