Aldaketak
Lauaxeta Saria berritu dute
Ohorezko sariari, poesia eta ikus-entzunezkoen alorretakoak gehituko dizkio Bizkaiko Foru Aldundiak.
2012ko Lauaxeta Sariak hainbat berrikuntza garrantzitsu ditu, izan ere, ohorezko sariaz gain, beste bi sari ere emango dituzte, bat poesia alorrean eta beste bat ikus-entzunezkoetan.
Lauaxeta Poesia Sariak euskaraz bertsotan edo prosan sortutako literatura-lanak sarituko ditu. Lauaxeta Ikus-entzunezkoen sariak, berriz, oroimen historikoari buruz euskaraz sortutako dokumental formatuko lanak nabarmenduko ditu. Lanak, 2011ko urtarrilaren 1etik 2012ko ekainaren 30a bitartean eginikoak izan behar dira.
Ohorezko sariaren epaimahaia Euskaltzaindiak eta Bizkaiko Foru Aldundiak osatuko dute; poesia alorrekoa, Yolanda Arrieta idazleak eta Jon Kortazar idazle eta kritikariak, eta ikus-entzunezkoa, berriz, Itsaso Atutxak eta Joanes Urkixok.
Hiru sariak Euskararen Nazioarteko Egunean (abenduak 3) emango dituzte.